NAROA YARRITU GARCIA

“Herri kirolek badute beste kirolek ez duten zerbait engantxatzen zaituena: harreman estua”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ira. 28a, 07:00
Artziniegako Bizindar taldean aritzen da Naroa Yarritu. / Airaldea.eus

NAROA YARRITU GARCIA (Artziniega, 1997) Bizindar herri kirolen taldeko kidea da. Ingudean, trontzan eta sokatiran aritzen da normalean. Arabako ingude txapelketa irabazi du oraintsu artziniegarrak, 84 altxaldiko markarekin.

Nola iritsi zara herri kiroletara?

Nire izeko (Olatz Yarritu) sokatira taldean aritzen da, eta berak esan zidan probatzera etortzeko, ingudean eta lokotx-bilketan jendea behar baitzuten. Probatzen hasi, eta animatu egin nintzen. Ikusi nuen txinga ez zela niretzat eta trontzara pasa nintzen....

“Ostegunero joaten gara Artziniegako kiroldegira: taldeka prestatu behar dira herri kirolak, baina bakoitzak bere lana du”

Gaur egun, herri kiroletan, zer egiten duzue Bizindar taldean?

Txinga eroatea, zaku-altxatzea, zaku-eramatea, ingudea, trontza, lokotx-bilketa, aizkora eta sokatira. Gaur egun, sei gaude taldean, baina beti dago jende gehiago. Sokatira taldekoek, esaterako, gurekin hartzen dute parte proba batzuetan. Azken finean, txapelketetan bakoitzak hiru proba soilik egin ditzake, nahiz eta guztira zazpi herri kirol izan. 
Adibidez, nire kasuan, nik sokatira, ingudea eta trontza egiten ditut normalean. Hala ere, Begoñe dagoenean txingan aritzen naiz, baina gutxitan… Edota, zaku lasterketan (baina zakuak 40 kilo pisatzen ditu eta nik 50). Kirolariak garenoi berdin zaigu zer egin: ni aldatzen joaten naiz, baina ingudea izaten da nire proba finkoa (eta beste bi probak entrenatzaileak erabakitzen ditu, taldearen beharren arabera).

Zer dute berezia herri kirolek zuretzat?

Ni futbolaria naiz, eta honek badu zerbait beste kirolek ez dutena. Ez dakit zer den, baina sekulakoa da. Crosfitarekin parekatu daiteke: gorputzarekin zure buruaren aurka lehiatzen zara, eta era berean, taldearen alde egiten duzu; zure lanak eta emaitzak taldean duelako eragina. Nire aitak ere beti egin ditu herri kirolak. Gure kirolak dira, eta herri kirolak badu zerbait berezia beste kirolek ez dutena. 

Gazte ugari zaudete Bizindar taldean. Bada harrobirik?

Bai, belaunaldi aldaketa egon da, gazte berri batzuk ari dira sartzen. Hori ona da guretzat. Sokatiran entrenatu egiten dute, eta 4x4 lehiaketan hartzen dute parte; baina oso zaila da. Azken finean, batzuk guraso dira orain, besteek lana dute… Ez da horren erraza. 

Niri ez zait gustatzen sokatira: oso gogorra da, dena da burua. Nahiago ditut herri kirolak, sokatira baino.

Nolakoa da zuen denboraldia?

Ez da bukatzen, ezberdina da. Denboraldia, berez, ez dago: lehiaketak dira. Udan egiten dira txapelketak, gainera, jaien testuinguruan…

 Euskal Herriko ingude txapelketa, esaterako, Berangoko festetan izan zen. Arabako txapelketa ere Gasteizko Ama Zuriaren jaietan izan zen. Urtean zehar ere badira zitak: maiatzetik ekainera arte, taldekako txapelketak egiten ditugu asteburuetan (talde batek bestearen kontra). Horrez gain, erakustaldiak ere izaten ditugu.

Herri kirolak taldean ala banaka, nola prestatzen dira?

Ostegunero joaten gara Artziniegako kiroldegira: taldeka prestatu behar dira herri kirolak, baina bakoitzak bere lana du. Zaku altxaketarako aurten erosiko dugu guk azpiegitura, frontoian kokatu eta bertan egoteko.

Geroz eta emakume gehiago zaudete herri kiroletan…

Bai, geroz eta parekatuago dago. Harrijasotzaileen artean ere emakumezko asko daude orain, eta pentatloietan ere. Hori garai batean pentsaezina zen.

“Txapelketetan bakoitzak 3 froga soilik egin ditzake, nahiz eta guztira zazpi herri kirol izan. Adibidez, nire kasuan, nik sokatira, ingudea eta trontza egiten ditut normalean”

Bizindar taldearen zirkuitua zer da, probintzia mailakoa, Euskal Herrikoa edo nazioartekoa?

Gure taldea Araba mailan aritzen da, baina Euskal Herriko txapelketetan ere hartzen dugu parte banaka. Horrela ibili nintzen ni Euskal Herriko ingude txapelketan. Laudioko jaietan, adibidez, Arabako txapelketa jokatu zen abuztuan.

Nola ikusten duzu herri kirolen egoera Aiaraldean?

Handitzen doaz, etenaldi txiki bat egon bada ere. Partaideei dagokionez, Euskal Herriko ingude txapelketan 13 emakume egon ginen (crossfitetik etorritakoak gehienak), eta esan zutenagatik, beste batzuetan Araban 3-4 emakume egon dira. 

Nire lehenbiziko txapelketa izan zen, eta Alberto entrenatzailearekin joan nintzen. Miriam Alava eta ni joan ginen, eta podium guztia aldatu genuen.

Eskualdean bada harrobirik?

Bai. Gurekin aizkoran aritzen dena Belandiakoa da, eta 19 urte ditu (oso gaztea da). Aiarako jendea ere badago. 
Jendeak enborrak ematen dizkigu entrenatzeko, nahiz eta txapelketetan antolatzaileek jartzen duten. Hala ere, asko nabaritzen da materialaren aldea, trontzan kasu (eta aizkoran enborra oso garestia da, eta behin bakarrik erabili daiteke).

Herrien artean baduzue sarerik?

Bai, herri kirolen txapelketetan izena eman ostean, bi multzo egiten dira 4-5 talderen artean. Multzoka lehiatzen gara, beti asteburuetan, eta irabazten duenak gora egiten du sailkapenean. Herri kirolak berpizteko egin zuten hori, eta oso polita da ikusteko: nik 25 urte ditut, beste batek 60, eta nire taldekideak 40-50 urterekin seme-alabak ekartzen ditu. 
Herri kirolek badute beste kirolek ez duten zerbait engantxatzen zaituena: harreman estua. Horrez gain, asko animatzen dugu elkar: froga galdu edo irabazten baduzu ez da ezer gertatzen, eta taldekideak zein publikoa beti daude animatzeko prest. 

Nire lehen egunean -zaku eroatean ibili nintzen- bukatzear nengoela (irabazten nindoan gainera) erori egin nintzen. Ez dut ahaztuko inoiz: kiroldegi osoak animatu ninduen.

Zer ematen dio Artziniegak herri kirolari? Eta alderantziz?

Gauza asko, horien artean, herritarrak benetan ezagutzeko aukera. Niretzat taldeko asko herrikoak ziren, baina ez lagunak. Orain, taldekide guztiak dira lagunak,  eta beti zainduko ditut. Bizindar taldeak, aldiz, izena eman dio Artziniegari. Sokatirako taldeak munduko txapelketan parte hartu zuen. Arabako herrietatik gabiltzanean, Artziniega ezagutarazten dugu.

Lau urte daramatzazu herri kiroletan. Zein da zure erronka edo ametsa?

Pentatloi bat egitea gustatuko litzaidake. Lagun batekin hizketan egon naiz, eta agian animatuko gara, nork daki! Harria jasotzea da konplikatuena, baina auskalo! Hurrengo urtean emakumezkoen trontza lehiaketan parte hartzen saiatuko gara. Kirola gustuko dugunoi berdin zaigu zer egin ondo eta pozik bagaude.

Artziniegan “ez hain ohiko” kirolei ateak zabaltzen ohituta zaudete…

Bai, herri kirolak beti egon dira Artziniegan. Nire aitak sokatiran eta txingetan hartu zuen parte; eta hori beti geratzen zaizu hor. Nire amonak dio zure pisua baino gehiago hartzen baduzu txingetan, ez zarela hazten (barreak). Gure gurasoak kirolariak izan dira, eta orain hori esatea zaila da: askok ez dute aukera hori izan.

Gaztea zara. Tradizioari lotutako kirola “gertuko” sentitzen dute gazteek? Zein mezu zabalduko zenuke zentzu horretan?

Probatu, eta kirola gustuko baduzue gustatuko zaizue. Herri kirolak normalean bakarkako kirolak dira, baina taldean dago gakoa. Horrek zure emozioak eta garapen pertsonala hazten laguntzen du.

Zer egin behar du probatu nahi duenak?

Artziniegara etorri, beti izango ditugu ateak zabalik nahi duenarentzat. Jende ezaguna gara, eta ostegunetan elkartzen gara kiroldegian. Bestela, Bizindar taldeko edonorekin jarri harremanetan eta animatu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide