Arabako Foru Aldundiaren baieztapena jaso berri du Artziniegako Udalak: Arenaza auzoko biribilgunea eta udaletxe aurreko biribilgunea lotzen dituen A-624 errepide zatiaren egokitzapena eta urbanizazioa egikarituko dute datorren legealdian.
Proiektua Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren barruan sartuko dute eta 1,3 milioi euroko laguntza jasoko du Foru erakundetik. Joseba Vivanco alkateak iragarri duenez, obra "hurrengo legealdian egingo den jarduera garrantzitsuenetako bat izango da".
Iragan irailaren 17an Carlos Ibarluzea Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuarekin batzartu ziren Artziniegako Udal Gobernuko kideak. Bertan adostutakoaren arabera, foru erakundea arduratuko da aurreproiektuaren diseinuaz 2023an.
Lanak 2024an
Aurreikuspenak betez gero, 2024an hasi eta 2025an amaituko lirateke obrak. Errepidearen bi ertzetan espaloiak egitea da asmoa.