Erdi Aroko jantziak "moda berriago eta kontzeptual batera eramanda". Hori da atzo Artziniega Museoko anfiteatroan aurkeztu zuten bilduma berriaren funtsa. Naroa Rey diseinatzaile artziniegarraren ikasleek osatu zituzten diseinuak, Creanavarra diseinuko goi-mailako eskolan. Bart iluntzean desfilea egin zuten lanaren emaitza erakusteko. Ekimenak ikusmira handia sortu zuen, eta jendetza elkartu zen Artziniega Museoaren atzealdean.
Bildumak Erdi Aroko gizarte estamentalean zeuden desberdintasunak transmititu nahi ditu, "garai hartako biztanle bakoitzaren bizipena islatuz, klase apalenetatik hasi eta aberats eta pribilegiatuetaraino".
Erakusketa zabalik
Atzo aurkeztutako jantziak Artziniega Museoko erakusketa aretoan egongo dira ikusgai azaroaren 22ra arte. Gaur egin dute erakusketaren inaugurazio ofiziala, 12:30ean.