NAROA REY GOTXI

“Modaren bidez Erdi Aroko gizartea nolakoa zen irudikatu nahi izan dugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 17a, 10:00

Creanavarra zentroko irakaslea da Naroa Rey moda diseinatzailea. / Aiaraldea.eus

NAROA REY GOTXI (Artziniega, 1994) moda diseinu ikasketak egin zituen Logroñon eta orain Creanavarra diseinuko goi-mailako zentroko irakaslea da. Bere ikasleekin batera 'Strata' bilduma aurkeztu zuen Artziniega Museoko anfiteatroan egindako moda desfilean.

Maria Martin, Juliana Cecibel Bravo, Leyre Martinez, Michelle Estebanez, Judith Millan, Irati Urriza, Leire Madariaga, Helene de Miguel, Noelia Echevarria eta Kristina Isasti diseinatzaile gazteen sorkuntza lanek jantzi zuten Artziniegako Strata desfilea, Naroa Rey Creanavarra zentroko irakaslearen gidaritzapean.

“Janzkerari kutsu modernoago bat eman diogu. Ez genuen Erdi Aroko arropen erreplika zurrun bat egin nahi. Gainera, ikasleen sormena landu nahi genuen, bakoitzak bere estilo propioaren bidez diseina zezan”

Strata desfileak jendetza elkartu zuen Artziniega Museoko anfiteatroan iragan urriaren 1ean. Zer da ikusleek bertan ikusi zutena?

Creanavarra Diseinuko Goi-mailako Zentroko ikasleek burututako lanaren emaitza da Artziniega Museoko desfilean aurkeztutakoa. Hain zuzen ere, bigarren mailako ikasleek garatu dute proiektua, modaren historia irakasgaiaren barruan.
Nik moda diseinua ikasi nuen Logroñon, eta pandemiaren ostean Creanavarran hasi nintzen irakasle. Irakasgai asko irakasten ditut bertan, horien artean modaren historia ere.

Nire eskolak praktikoak izatea dut gogoko. Ikasleek gai mardul bat buruz ikasi eta azterketa batean ebaluatzea baino, nahiago dut modu bisualago batean barneratzea gaitegia eta bertan lantzen dugun iruditegia.

Aurreko ikasturtean desfile bat egitea proposatu nien, eta Artziniegako hiribilduaren 750. Urteurrena baliatuta, Erdi Aroa aukeratu genuen gai bezala, Barrokoaren edo Errenazimenduaren ordez.

Museoarekin eta Artziniegako Udalarekin jarri nintzen harremanetan, eta erraztasun guztiak jarri dizkigute proiektua aurrera ateratzeko. Zentzu horretan oso eskertuta gaude.

Zer da bilduman transmititu nahi izan duzuena?

Erdi Aroko gizartea nolakoa zen irudikatu nahi izan dugu. Oso gizarte estratifikatua zen hura, eta hori islatzen saiatu gara: nekazariak, txiroak, zaldunak, kleroa, goi-noblezia… 

Nola irudikatu dituzue desberdintasun sozial horiek jantzietan?

Kolore eta oihal eta ehun desberdinak baliatu ditugu horretarako. Gizarte-klase baxuenak ehun natural eta kolore apalagoekin irudikatu ditugu; noblezia, ordea, kolore biziagoekin jantzi dugu. Desfilean piramide soziala behetik gora aurkeztu genuen, eta azken piezak gizarteko estamentu bati erreferentzia egin ordez fede katolikoari, izurrite beltzari eta heriotzari egiten zion erreferentzia: fedea irudikatzen zuten arropa beltzak eta hezur pila bat irudikatzen zuen soineko luze eta zuria nahastuz.

Janzkerari kutsu modernoago bat eman diogu. Ez genuen Erdi Aroko arropen erreplika zurrun bat egin nahi, hori ikusteko badaude beste espazio batzuk. Gainera, ikasleen sormena landu nahi genuen, bakoitzak bere estilo propioaren bidez diseina zezan.

Zer urrats jarraitu dituzue bilduma osatzeko?

Gaia ikasleei aurkeztu nien, eta ikerketa lanarekin hasi ginen. Bakoitzak egokitu zitzaion estamentu sozialaren inguruko informazioa bildu zuen: nola bizi ziren, non bizi ziren, nola janzten ziren… Erreferente desberdinak ere ikertu ditugu: Batzuentzat beste batzuentzat baino zailagoa izan da dokumentatzea, informazioa urriagoa zelako.

Ikerketa lanaren ostean bozetoak egitera pasa dira ikasleak. Horren ostean, eta patroiak egin eta jostera pasa aurretik, bozeto eta ideia guztiak bateratu genituen. Diseinatzaile bakoitzak bere estilo propioa du eta bildumari koherentzia emateko zenbait ideia bateratu genituen: kolore paleta, oihal motak, jantzien luzera…

Desfilea prestatzeak ere lan karga handia suposatuko zuen, ezta?

Bai, orotara urtebete inguru egon gara desfilea eta erakusketa prestatzen. Modeloak bilatzeak lan handia suposatu du. Jantziek neurri bakarra zuten, ondorioz, modelo egokiak bilatu behar genituen ahalik eta aldaketa gutxien egiteko diseinuan. Modeloen profila tentuz bilatu dugu, transmititu nahi genuen hura hobekien islatzeko. Nekazariak, klase baxuak… azal beltzaranagoekin irudikatu ditugu; izan ere, ordu asko ematen zituzten eguzkipean lanean. Noblezia eta klase altuak, aldiz, azal zurbilagoarekin irudikatu ditugu.

Dibertigarria izan da, herriko jendea, gertuko jendea lotu dugu desfilatzeko. Hasieran iragarki bat zabaldu genuen sare sozialetatik modeloak bilatzeko. Nesken kasuan oso erraza izan da, mutilak lotzea gehiago kostatu zaigu; baina beti dago lagunen bat, auzokideren bat edota ezagunen bat laguntzeko prest. Azkenean Artziniegako, Zaurtzeko, Gasteizko edota Amurrioko modeloak izan ditugu.

“Oso polita izan zen bildumak herritarren interesa piztu zuela ikustea. Jendea oso pozik atera zen, eta askok zoriondu gintuzten egindako lanagatik”

Desfileak izugarrizko arrakasta izan zuen.

Guk ere ez genuen inondik inora horrelako harrerarik espero. Museoko anfiteatroa osorik bete genuen. Oso polita izan zen bildumak herritarren interesa piztu zuela ikustea. Jendea oso pozik atera zen, eta askok zoriondu gintuzten egindako lanagatik.

Askotan badirudi moda oso zirkulu zehatzetara dagoela mugatua, eta egia da desfileak (diseinatzaile handienak bereziki) ez daudela mundu guztiarentzat eskuragarri. Larunbatekoak balio izan zuen moda herritarrengana hurbiltzeko, eta ulertzeko desfile baten atzean dagoen lan guztia. 

Jantzi guztiekin erakusketa atondu duzue orain.

Bai, jantzi guztiak ikusgai egongo dira Artziniega Museoko erakusketa aretoan azaroaren 1era arte, eta sarrera doakoa izango da. Desfilean ez bezala, erakusketa aretoan ez ditugu jantziak hierarkikoki antolatu, guztiak nahastuta baizik, azken finean, estamentu guztiak nahastuta zeudela erakusteko asmoz.

Erakusketa aretoa Creanavarra zentroko barne-diseinuko ikasleek atondu dute. Arlo grafikoa (kartelak, esku-orriak…) zentroko ikasleek prestatu dute. Hauek ere egundoko lana egin dute.

Pozik zaude emaitzarekin?

Bai, bereziki ikasleek egindako lanarekin. Asko eskatu zaie eta izugarrizko maila altua erakutsi dute. Beti irribarre batekin, eta beti euren buruak gainditzeko eta hobetzeko asmoarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide