Artziniegako Udalak ez du aurten Erretes Tuterako San Rokeko ermita atontzerik izango. Joseba Vivanco alkateak sare sozialetan aipatu duenez, 21.240,64€ esleitu dizkiete "partidako aurrekontu agorpenagatik" Arabako Foru Aldundian, nahiz eta ebazpenean 67.230,84€ aitortu.
Alkateak azpimarratu du proiektuak %72ko dirulaguntza eskuratu behar zuela, baina baldintza ekonomiko hauetan ezin diotela erronkari heldu, "Udalak 72.000€ inguru jarri beharko lituzkeelako, eta obra 2022ko abenduaren 30erako bukatuta egon beharko litzatekeelako".
Dena den, alkateak nabarmendu du, mota honetako jardueretarako ez direla aski Arabako Foru Aldundiko fondoak, "eta XVII. mendeko ermita kontserbatzeko modua" aztertuko dutela etorkizunari begira: "erabilera herriko jendearekin zehaztuko dugu behin azpiegitura berreskuratuta".