Duela hiru urte antolatu zuten azken aldiz txarriboda Artziniega Museoan, modu arrakastatsuan, gainera. Hala eta guztiz ere, COVID-19 birusaren ondorioz, etenaldi luzea egin behar izan dute jarduera horri dagokionez. Baina, azkenik, bihar txerria izango da berriro protagonista Artziniega Museoan.
Izan ere, 12:00etatik aurrera harakin erretiratu batek txerri sakrifikatu bat zatituko du, atal bakoitza zertarako aprobetxatzen den azaltzen duen bitartean. Museoko kide baten laguntzarekin, argituko dute txerriak antzinako gizartean zeukan garrantzia eta nola bere haragia ezinbestekoa zen bizimodua ateratzeko.
Hori ez ezik, lukainken eta odolosteen prestaketen erakustaldia ere egingo dute eta ekintza amaitzean, dastatzeko parada egongo da. Ekintza guztiz doakoa izango da, baina museoko gainerako bilduma ikusteko, bisita kontratatu daiteke aldez aurretik 945 39 62 10 telefono zenbakira deituta.