Bilboko Bisons Eclubeko kidea zara, zein da zure ardura?
Galdera izarra da hori, lagunek eta senideek maiz galdetzen didate ea nik ere jokatzen ote dudan bideojokoetan, baina ez. Nire lana da diseinuen arduraduna izatea. Egunero harremanetan nago marketing eta komunikazioko saileko kideekin eta dossierrak maketatzen ditut proiektua azaltzeko, babesle berriak erakartzeko eta gurekin batera bidea egin dezaten.
Horrez gain, sare sozialetan zabaltzen ditugun sormen lan gehienak ere egiten ditut. Azken hilabeteetan beste kide bat aritu da ni laguntzen, baina hasieran ni bakarrik egon nintzen, disenuarekin zerikusia zuena lantzen, sortzen eta zabaltzen. Orain denboraldi berriko kamisetaren diseinua erabakitzen ari gara. Halaber, denboraldiko irudi berria egin behar dut. Horrez gain, hezkuntzarekin lotura duen ildoan ere banago sartuta. Garatzen ari gara proiektu batzuk eta harremanetan gaude ikastetxe eta elkarte batzuekin horretarako. Hezkuntzara hurbildu nahi ditugu esportsak, erakusteko bideojoko hutsak baino gehiago badirela.
“Esportsen munduan sartu nintzenetik txunditu nau zenbat jarraitzaile dauden”
Esportsetan lehiatzen den kluba da Bisons, azalduko duzu zertan datzan diziplina hori eta zenbat jarraitzaile dituen?
Duela urtebete klubean hasi nintzen, ez nekien ezer mundu honi buruz, baina asko ikasi dut. Modu orokorrean esanda, esportsak ez dira ohiko moduan lehiatzen, baizik eta eremu birtualean, bideojokoetan. Hau da, bideojokoak dira, baina ikuspuntu lehiakorrarekin. Futbolean edo beste kirol batzuetan bezala, ligak eta torneoak daude. Publikoari dagokionez, kopurua altua da. Ni harrituta geratu nintzen, jarraitzaile ugari baitaude hemen, zein estatuan edo munduan. Gure kasuan bi talde izan ditugu. Biek ez dute eragin bera izan. League Of Legends-eko taldea izarra da, bere txapelketa askoz hobeto antolatuta dago eta, Valorant-ena baino. Hala ere, Valoranteko taldeari agian ez diogu Behar besteko garrantzia eman.
Esaterako, LVPko kanalean, bideojokoen liga profesionalaren Twitch kanalean, 2021ean 10.000 ikusle inguru zituzten eta aurtean, aldiz, 60.000. Horren arrazoia da Ibai Llanosen eta Gerard Piqueren taldea sartu dela League Of Legendseko Superligan. Hori nabaritu da, ikusleek gora egin dute. Ibairen kanalean 100.000 baino gehiago izan ziren ikusleak partida askotan. Bisons eta euren taldeen arteko partidak LVP zein Ibai Llanosen Twitch kanaletan emititu dira. Zehazki, Ibaik egiten ditu esatari lanak bere kanalean. Lehen LVPko esataria zen, baina orain bere taldea duenez, bere kabuz egiten du.
Zeintzuk izan dira zuen lorpen nagusiak League Of Legends eta Valorant taldeekin eta zeintzuk dira zuen anbizioak?
Nahiz eta klub gaztea izan, azaroaren 4an bete baitugu urtebete, bi talde profesionalekin lehiatzea lortu dugu. Valorantekoak ez ditu horren emaitza onak lortu. Izan ere, lehen mailan hasi ginen parte hartzen eta bigarren denboraldian bigarren mailan lehiatu gara.
Berez, bi denboraldi daude, udaberrikoa eta udakoa. Bata urtarrilean hasten da eta martxoan amaitzen da. Udakoa maiatza amaieran abiatzen da eta abuztura arte luzatzen da. Bi denboraldi horietan nabarmen harritu ditugu esportseko zaleak, ez baitzuten ezer espero gure aldetik, gure jokalariek ez dutelako ibilbide handirik eta ezezagunak ziren. Proiektu berria da gurea eta ez dugu Ibai Llanos edota Gerard Pique bezalako babeslerik atzetik.
Hala eta guztiz ere, lehenengo denboraldian bigarren sailkatu ginen eta Sevillan jokatu genuen finala, taldeak aurrez aurre zeudelarik. Oro har, norberak bere bulegotik jokatzen du. Bigarren denboraldian finalaurrekoetara heldu ginen, baina ez finalera. Hirugarren izan ginen. Bi denboraldien emaitzak elkartuta, aurtengo talderik onena izan garela esango nuke.
Orain 'Iberian Cup' jokatzen ari gara. Beste kirol batekin alderatuko bagenu, hau Errege Kopa izango litzateke. Bi partida jokatu eta irabazi ditugu. Ea finalera heltzen garen. Port Aventuran izango da azaroaren 19an.
Klub moduan zaletasun kolektiboa sustatzen saiatzen zarete, jarraitzaileak batzen, adibidez.
Hasieratik klubak harrera bikaina izan du. Herriaren taldea garela diote askok. Esportsetan garrantzitsua da zaleekin elkarrekintza izatea sare sozialen bidez. Ondorioz, sare sozialetara igo ditugun edukiak asko zaindu ditugu. Gako handia da daukagun Community Managerra, lan bikaina egin baitu hasieratik eta esports mundua ezagutzen du primeran, oso gogoko du.
Pertsonalki, esan behar dut taldera batu nintzenean, hasieratik harritu ninduela. Nik ez nuen mundu hau ezagutzen eta txunditu nau ikustera zenbat jendek jarraitzen duen.
Adbidez, League Of Legends taldeko entrenatzailea nire kuadrillarekin atera zen parrandan Bilboko Jaietan eta hamabost lagun baino gehiago hurbildu ziren berarekin argazkiak egiteko txosnetan. Bitxia izan zen, niretzat lankidea baita, baina beste batzuentzat famatua.
Jarraitzaileak garrantzitsuak dira, eurei esker, neurri batean, heldu gara heldu garen lekuraino.
“League Of Legendseko jokalari bat 25 urterekin zaharra da jadanik”
Jarduera kolektiboa bultzatzen saiatzen zarete. Kontraesankorra dirudi kirol elektronikoen izaerarekin, ezta?
Bison Ecluba sortu zenetik, gure jarduera lau ildotan banatu dugu; esportsak, ekitaldiak, entretenimendua, eta hezkuntza. 'Jokatu arduraz' traola bilakatu dugu gure goiburua, kamisetan daukagu idatzita, uste baitugu mezu hori zabaldu behar duela esports klub batek. Bideojokoen mundua oso estigmatizatua dago, denok dakigulako gazteek ordu mordoa igaro dezaketela telebista edota ordenagailuaren aurrean. Gure asmoa hezkuntza ildoarekin eta ekitaldiekin esportsek bestelako onurak ere izan ditzaketela zabaltzea da. Hemen badaude komunikazio, marketing eta diseinu sailak, entrenatzailea, psikologoa, beste talde batzuek prestatzaile fisikoa ere badute... Erakutsi nahi dugu esportsak ez direla soilik bideojokoetan jolastea, askoz gehiago ere badira. Jendeak ikasi dezake eta mundu honetan aditu izan. Horrez gain, gure goiburuarekin komunikatu nahi diegu guraso zein gazteei jokatzean ere arduratsu izan behar dela norbera.
Horretarako sortzen ari gara hezkuntza proiektuak. Entretenimenduari dagokionez, aitzandariak izan gara Espainiako Estatuan, ikus-entzunezko lan asko sortu ditugu, partiden aurretik bideoak egin ditugu eta sare sozialetan nahikotxo mugitu dituzte. Lehenengo denboralditik bigarrenera ikusi dugu talde gehiagok gauza bera egin dutela. Ekosistema suspertu dugu zentzu horretan.
Nola hautatzen dituzue jokalariak?
Beste kirol batzuetan gertatzen den bezala, fitxaketa garaia dago, hilabete hauetan, hain zuzen. Taldeko manageraren esku geratzen da eta ez da lan erraza, beste talde batzuek ere bilatzen dituztelako jokalariak eta agian eskaintza hobea dutelako. Ondorioz, aukera bat baino gehiago izan behar duzu, badaezpada. Maiz gertatu da ez dugula lehia bakarrik estatuko klubekin, Europako klubak ere badaude. Guri momentuz ez digute jokalaririk kendu. Gure taldean badago jokalari bat eskaintzak aztertu ditzakeena, kontratuagatik, baina besteek fitxaketa klausulak dituzte eta norbaitek eraman nahi baditu, ordaindu behar du. Alde horretatik, funtzionamendua futbolaren edo saskibaloiaren antzekoa da. Bestalde, jokalariak ez dira gertukoak, Madrilgo eta Bartzelonako jokalari bana dugu, baina baita herbeheretakoa, txekiarra eta dinamarkarra. Sakabanatuta daude geografikoki, gehienbat Europan eta Asian.
Zer esango zenioke zalantzan jartzen duenari kirol elektronikoak kirola direla?
Egia esanda, esportsak agian ez dituzte definitzen kirol bezala, baina balio ugari partekatzen dituzte kirol arruntekin. Izan ere, kirolarekin baino, entretenimenduarekin lotzen dituzte gehiago. Hala ere, futbola ere kirola da, eta xakea.
Dena den, kirol tradizionaletan bezala, gurean badago entrenamendua, entrenatzaileak, analistak, talde teknikoa... Eurek zortzi orduko lanaldia dute eta ez dute soilik entrenatzen. Aurreko partidak analizatzen dituzte, ikusteko zer egin den txarto eta zer ondo. Partida bakoitzaren aurretik lantzen da jokalari bakoitzak dituen trebeziak, ondo uztartzeko eta arerioen kontra estrategia garatzeko.
Egunerokoa kirol tradizionalean egiten denaren antzekoa da; estrategia eta entrenamendua. Fisikoa landu baino, egiten da lan psikologoarekin. Bere lana oso garrantzitsua da, bideojokoetan jokatzeak eragiten du karga psikologiko handia eta League Of Legendsen 25 urterekin jokalaria zaharra da jadanik.