Hautagaitza errepikatuko du Joseba Vivancok datorren maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetan. Artziniegako EH Bilduk bera hautatu du berriro ere koalizio abertzalearen zerrendaburu izateko herrian. Ostiralean egindako batzarrean hartu zuten erabakia. Zerrenda osatuko duten gainerako kideak, aldiz, datozen hilabeteetan zehaztuko dituzte.
Kazetaria da Vivanco ogibidez, eta 2011tik zinegotzi izan da Artziniegako Udalean. 2015eko udal hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izan zen berea, baina EAJk lortu zuen alkatetza, PPko zinegotziaren aldeko botoari esker. 2019ko udal hauteskundeetan, aldiz, aginte makila eskuratu zuen Vivancok, EH Bilduren hautagaitzak gehiengo absolutua lortu ostean.