Erretes Tudelako elizan lapurtu dute, XVIII. mendeko hainbat elementu eramateko

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 20a, 07:00

Lapurtutako elementu asko ikus daiteke irudian./ B. R.

Benjamin Respaldiza apaizaren ustez, "herri txikien espoliazioan sakontzea" ekartzen duten horrelako ekintzek.

Abenduaren 10ean Erretes Tudelako elizako bi ate apurtu zituzten eta barruan zeuden metalezko elementuak eta gurutze bat lapurtu zituzten. Dena hankaz gora geratu zen, lapurrek goitik bera miatu baitzuten tenplua.

Benjamin Respaldiza apaizak argitu du lau ganderailu handi eta hainbat txiki eraman zituztela, baita kaliz eta gurutze bana ere.

"Kaliza zilar landukoa zen eta ganderailu handiak zilarrean bainatuta zeuden. XVII. edo XVIII. mendeetan egindako dohaintzak ziren eta auskalo nola bukatuko duten, agian urtuko dituzte, metalezko elementu guztiak kendu zituzten eta", adierazi du Respaldizak.

Tamalez, hau ez da Erretes Tudelan gertatutako lehen lapurreta. Duela urte gutxi arimen gurutzea deiturikoa ere desagertu zen. Egurrezko gurutze landua zen eta herrian ez badakite noizkoa zen ere, oso polita eta estimatua zen bertakoentzat.

Neurri mingarriak

Lapurreta bera garrantzitsua izanda, Benjamin Respaldizarentzat larriagoa da horrelako ekintzek ekarriko dituzten ondorioak: "Hau tantaka gertatzen ari da herri txikietan eta zerbait egin behar dugu. Apezpikuarekin hitzordua daukat eta erabaki beharko dugu herri txikietan dauden baliozko elementuak bere menpe geratuko diren Gasteizen".

Apaizarentzat ez da erabaki erraza izango: "Herri txikien ondarea da, Gasteizera badoa, auskalo itzuliko den, baina ezin gara espoliazio honen aurrean ezer egin gabe geratu. Niretzat oso tristea da dena. Herri txikiak nahiko utzita daude eta gainera lapurtzen diete euren ondarea".

Esan bezala, horrelako gertakariak ez dira guztiz ez ohikoak. Esaterako Kexaako kanpaia lapurtu zuten duela urte batzuk eta Urduñan ere horrelakoak jazo izan dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide