Erakusleihoen txapelketek ez dute etenik izan, eskualdetik kanpo ere ez. Arabako Merkatarien Ganbarak 'Visual Sariak' banatzen ditu, eta atzo ezagutarazi zituzten aurtengo edizioko garaileak.
Joseba Vivanco Artziniegako alkateak sare sozialetan aipatu duenez, La Encina jatetxearentzat izan zen landa eremuko saria. Erantsi duenez, Edu Villanueva Aretxabaletak jaso zuen aitortza, Jesus Garcia Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordearen eskutik.

Epaimahaiaren ustetan, erakusleihoa "ardoaren kulturaren eta asmakizunen arteko sinbiosi bikaina da eta ikusten duen edonor geldiaraztea eta hausnartzea lortzen du hitz jokoak".
