JOSEBA VIVANCO

“Artziniega Museoaren jarraikortasuna bermatzea mugarria izan da guretzat”

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 2a, 21:38
Joseba Vivanvo alkatea. / Aiaraldea.eus

2022 benetan bizia izan dute Artziniegan. Izan ere, hiribildu itunaren 750. urteurrena ospatu dute. Horrez gain, bestelako erronkak izan dituzte udalerrian. Horretaz mintzatu da Joseba Vivanco alkatea.

Aurten izan da Artziniegako hiribilduaren 750. urteurrena. Nola baloratu duzue ospakizuna?

Printzipioz ona edo oso ona, nahiz eta guk ez genukeen hori egin behar. Iaz bi helburu jarri genituen, bata Artziniegan bertan aldarrikatzea eta zabaltzea efemeridea, urtea jardueraz beteta. Bestea zen Artziniega mapan jartzea eta kanpoan ezagutaraztea.

Uste dugu horrela izan dela. Urtarrilaren 2an hasi ginen eta azaroaren 2an amaitu genuen. Gutxi gorabehera dena ondo atera da eta ekitaldi garrantzitsuenak ondo egon dira. Kanpoan oihartzuna izan du eta xedeak lortu ditugu.

Gainera, jendeak parte hartu du. Udalak lideratu du egitaraua, baina jende askok eman ditu ideiak, lan egin du...

Ez dakit herriko jendeak harrotasunez bizi izan duen, baina jardueren aldetik, ekintza berritzaileak egon dira eta buruari eragin diogu. Jakina, sekulako lana izan da eta eskerrak 50 urtero baino ez dela ospatzen. Urte amaierara indarrak erreta heldu gara. Gure aldetik oso pozik gaude.

Birgaitze lan garrantzitsuak berretsi dituzue aurten, Kultura Etxea eta Dorretxea.

Dorretxea obretan dago jadanik eta espero dugu urtarrilerako amaituta egotea, otsailean beranduenez. Behin erreforma eginda, esleipena atera nahi dugu, hotel zerbitzua indarrean egoteko udan. Kultura Etxearen lanak zailagoak dira, hasteko, garestiagoa delako. Milioi eta erdiko obra da eta orain itxaroten ari gara finantzazioa eman behar diguten erakundeen argi berdea. Berez, jakin behar dugu dirua noiz egongo den prest. Proiektua erredaktatuta dago eta lanak esleitu behar ditugu, ea udaberrian egin dezakegun. Urtebete eta erdi iraungo du eta hurrengo legealdian sartuko da.

Artziniega Museoaren biziraupena bermatu duen akordioa sinatu duzuela dirudi.

Guretzat aurtengo mugarrietako bat izan da. Egia da 750. urteurrena izan dela, eta obrak ere baditugula, baina aurten bermatu nahi genuen museoaren etorkizuna, bere bideragarritasuna ziurtatuta.

Lau urtez horrela izango da eta Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du beste lau urte gehiagoz laguntzeko. Hau da, zortzi urterako bermea egongo da museoa zabalik mantentzeko. Gero ez dakigu etorkizunean Udalak edo beste erakunde batek dirua jarriko duen, baina, gutxienez, hori ziurra da.

Lan izugarria izan da akordioa lortzea. Sukalde lanak ez ditugu kontatuko, baina sekulako ahalegina egin dugu. Hala ere, jende batentzat gutxi izan daiteke, baina Aldundiak ematen duen diruarekin, hori da egin daitekeena. Ez da guztiok nahi genuena, baina bermatu da museoak jarraituko duela.

Azken finean, Artea elkarteak berak eman dio oniritzia eta horregatik Udalak ere egin du.

Guretzat helburu nagusia zen jarraikortasuna ziurtatzea eta hori da lortu dena aurten eta legealdi honetan. Gogoratu beharra dago aurreko legealdian museoa kolokan zegoela. Orain lan egin behar dugu proiektua indartzeko.

Iaz arazoak izan zenituzten igerilekuak kudeatzen zituen enpresarekin, aurten errepikatu dira?

Laudiok eta Artziniegak enpresa bera zuten horretarako, baina hemen ez genituen hango arazoak izan (langileen kontratuei lotuta). Hemen gatazkak sortu zituen enpresaren seriotasun faltak eta komunikazio akatsak, bai Udalarekin, zein langileekin, zein erabiltzaileekin.

Hori guztia jarri genuen mahai gainean eta aurten ez dira gertatu. Horrez gain, langileen kontratuak eta Gizarte Segurantzako kuotak erakustea eskatu genien eta horrela egin zuten. Ez dugu kexarik jaso.

“Nabarmendu nahi dut lortu dugula URAk bere gain hartzea kolektorea instalatzea Artziniegan, hasieran ez zuen bere gain hartzeko asmorik eta”

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eguneraketa ere abiatu duzue.

Bai, abenduan izan da lehen bilera herritarrekin eta erredakzioa esleitu dugu. Orain badakigu urteak iraungo dituela prozesuak.

Dena den, nik aipatuko nuke Foru Planeko obrak amaitu ditugula eta ahalegina egin dugula baso bideak berreskuratzeko. Batzuk publikoak ziren eta itxita zeuden eta aurten hiru bide ireki ditugu. Horri esker eraztun berdea dugu Artziniegaren inguruan eta bide publikoak baliatuta egin daiteke. Guretzat hori garrantzitsua da.

Nabarmendu nahi dut lortu dugula URAk bere gain hartzea kolektorea instalatzea Artziniegan, hasieran ez zuen bere gain hartzeko asmorik eta.

Halaber, Udalbiltzarekin elkarlana izan duzue. Nola baloratzen dituzu eginiko ekimenak?

Alde batetik, bi urteko proiektu oso polita eta berritzailea izan da, gogoz parte hartu genuen. Tamalez, jendeak ez du erantzun. Ekimen euskaldun eta kulturala izan da eta hainbat udalekin parte hartu dugu, Artziniegako izena zabalduta.

Esaterako, bost antzezlan izugarri landuak egin dira, kalitate handikoak, baina herritarren erantzuna etsigarria izan da. Egia da herriko jende euskaldunarentzat egon dela bereziki bideratuta, baina jende horrek ere ez du erantzun. Artziniegako euskaldunek ez badute erantzuten, zerbaitetan egin dugu kale. Agian, jarduera gehiegi izan ditugu aurten. Izan liteke eskaintza zabalegia izatea, edo hausnartu behar da eskaintzen dugunari buruz. Baloratu behar da gizarteak zerbait eskatzen duen edo ematen diogun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide