750 urteren ostean, inoiz baino biziago dago Artziniega

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 3a, 22:12
Munduko topaketa antolatu zuten uztailean, udalerriaren izena abizen moduan daramaten pertsonekin. / Aiaraldea.eus

1272ko azaroaren 2an, Alfontso X.a Gaztelakoak hiribildu izaera aitortu zion Artziniegari. 750 urte geroago artziniegarrek efemeride hori ekarri dute gogora, urte osoan luzatu diren ospakizunekin. 

Urteko efemeriderik garrantzitsuenaren protagonista izan da Artziniega: hiribilduak 750 urte bete ditu aurten. Urteurrenak Artziniegaren historia idatziaren lehenengo gertakaria ekarri du gogora, non Alfontso X.a Gaztelakoak hiri-gutuna eman zion orduko Arsiniega herriari, 1272ko azaroaren 2an. Bizkaiko Foruak agindu zuen geroztik hiribildu izendatu berrian.

Zazpi mende eta erdi geroago, azaroaren 2an bertan, Artziniegarrek pasarte historiko horren antzezpenarekin oroitu zuten  hiribilduaren urtebetetzea. Urteurren ospakizunak, ordea, urte osoan luzatu dira, iraganera baino, Artziniega etorkizunera begira jartzeko helburuarekin.

Zazpi mende urte bakarrean

Auzokideak saretu eta ekintzaz beteriko urte bat antolatu nahi zuten 750. urteurrena ospatzeko, eta lortu ere egin dute. 2021eko urte amaieran batzordea osatu zuten hainbat jarduera pentsatu eta abian jartzeko.

Pandemiak eragindako hutsunearen ostean, aurtengoa ohiko ekimen handien itzulera suposatuko zuen urtea izango zela jakitun, ekintza guzti horiek baliatu nahi izan dituzte 750 urte geroago ere Artziniega inoiz baino biziago dagoela aldarrikatzeko. Gauzak horrela, Artziniegako Jaiak, Karpy bizikleta martxa, Ganzorrotz taldearen ibilaldia, Antzinako Azokaren itzulera edota Museoaren irekiera berria eta bertako hamaika ekintza baliatu dituzte Artziniegaren izaera jendaurrean aurkezteko.

750. urteurrenari propioki lotutako bestelako jarduerak ere egin dituzte: udalerriko historiaren eta ondarearen inguruko konferentziak, kontzertuak, herriko sortzaileen arte erakusketa…

Munduko topaketa

Halaber, antolatutako jarduera guztien artean entzutetsuena uztailean ospatutako Arciniega abizenaren munduko lehenengo topaketa izan zen. Uztailaren 9an ehunka arciniegatar elkartu ziren garai batean arbasoen herria izandakoan. Euskal Herritik ez ezik, Espainiatik eta Europako beste hainbat herrialdetatik ere bertaratu ziren bisitariak Artziniegara, baina bereziki Hego Ameriketatik, bertan baitago hedatuen abizena.Hitzorduak abizenaren jatorrian eta historian sakontzeko parada eskaini zuen. Deituraren jatorria oraindik ere argia ez den arren, bada hipotesi sendorik: Arciniega herritik kanpo joandako umezurtzek eramaten zuten abizena dela uste da. Izan ere, Arteko Santutegian mende luzez egondako hospizioak umezurtz asko eta asko artatu ditu, eta askok Encina abizena jasotzen zuten modu berean jaso zezaketen Arciniega ere.

Mendez mende asko izan dira Arciniega abizena historia liburuetan idatzita utzi dutenak: arkitektoak, pentsalariak, poetak…

Etorkizunera begira

“Helburua Artziniega mapan jartzea zen eta lortu dugula uste dut” zioen Joseba Vivanco alkateak azaroaren 2ko ekitaldia bukatu berritan. Auzokideek egindako lana eta sortutako harreman sarea goraipatuta, aurrera begiratzeko unea zela azpimarratu zuen Vivancok. Bide horretan, azken ekintza batekin itxi dute 750. urteurreneko programazioa; 50 urte barru, 2072ko azaroaren 2an, zabalduko duten denbora kapsula bat bete dute herritarrek. Oraindik ere asko du bizitzeko Artziniegak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide