Artziniegako eragile feministek bat egin dute martxoaren 8aren testuinguruan, eta hainbat jarduera egin dituzte. Otsati Feministak eta Artziniegako Talde Feministak argazki erakusketa prestatu dute Toñin Luengas frontoian. Zaintzen inguruko hausnarketak eskatu dizkiete herriko emakumeei, eta horiekin osatu dute erakusketa.
Oso presente egon den gaia izan da zaintza. Izan ere, herriko eragile feministek bat egin dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatutako "Denon Bizitzak Erdigunean" dinamikarekin, zaintza sistema publiko-komunitarioa helburu.
Hiriska elkarteak, bere aldetik, bazkaria eta dantzaldia antolatu ditu, Artziniegako beste bi eragile feministekin batu aurretik. Guztiek batera sare bat osatu eta zintzilikatu dute frontoiaren aurrean, "emakumeen saretzea eta batasuna adierazteko".
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte, Hiriska elkartea eta Marta C Dehesa