Martxoaren 26an, igandean, postu bat jarriko dute HiruA elkarteko kideek Artisautza eta Hurbileko Produktuen Azokan. Bertan, liburuxkak, kartelak, itsulapikoak, txapak, saltoki laguntzaileen irudiak… jarriko dituzte, euren jardueraren berri emateko. Horrela, herritarrei erakutsi nahi diete egiten duten lana, horrek katuentzako eta pertsonentzako dakartzan onurak azaldu, eta elkarteari laguntzeko dauden moduen berri eman.
Esterilizazioaren garrantzia
HiruA elkartea 2017tik ari da Artziniegako Udalarekin batera lankidetzan. HEA metodoa erabiltzen dute (harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea) herriko kale-katuen kolonietan, hedapena kontrolatzeko eta gaixotasunen transmisioa saihesteko. Gaur arte 115 katu esterilizatu dituzte, eta horietatik 65 emeak izan dira.
HEA metodoa erabiltzen dute “katuen osasuna, bizi baldintza duinak eta gizakiekin elkarbizitza hobetzea” bilatzen dutelako.
Elkartearen hitzetan, metodo hori erabiltzen dute “katuen osasuna, bizi baldintza duinak eta gizakiekin elkarbizitza hobetzea” bilatzen dutelako. Metodo horri jarraiki, kalean bizi diren katuak harrapatzen dituzte, esterilizatzen dituzte eta, horren ostean, haien habitat naturalera itzultzen dituzte. Horrela, gaixotasunen hedapena saihesten dela azaldu dute. Izan ere, kolonia bat despopulatzen denean, beste gaixotasun batzuk dituzten katu berriak finkatzeko arriskua dago, eta katea berriz hasiko litzateke.
Sentsibilizazio-kanpaina
Martxoaren 26an, igandean, postua jarriko dute HiruAko kideek Azken Igandeko Azokan, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, HEA metodoaren inguruko informazioa banatuko dute, baita elkartearen jardueraren ingurukoa ere. Elkarteari laguntza emateko dauden bideak ere azalduko dituzte.
Postua jarriko dute HiruAko kideek igandean Azken Igandeko Azokan, 10:00etatik 14:00etara.
Ez hori bakarrik, herriko txikienek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, Toñin Luengas pilotalekuko hormetan jarriko dituzte egunotan udal liburutegian eta eskolan jarritako marrazki-plantillarekin egindako irudiak, erakusketa erraldoi batean. HiruAk jolas moduan planteatu ditu marrazkiak: umeei alegiazko katu bat irudikatu dezaten proposatu die, izaki bizidunekiko eta animalien eskubideekiko errespetua bultzatzeko eta animaliekiko enpatia sustatzeko.