Dena ondo bidean, datorren urterako prest egongo litzateke Artziniegako Kultur Etxe berria. Espazioren barrualdea erabat berritu nahi du Udalak, eta lizitaziora atera ditu horretarako obrak, 1.563.332 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). "Proiektu honek Berpiztu programaren 600.000 euroko diru-laguntza du, eta beste 300.000 euro etorriko dira Europako Funtsetatik", azaldu du Joseba Vivanco alkateak, eta gaineratu du Obren Foru planetik eta Leader laguntzetatik ere jasoko dutela dirua.
Obra horrekin, espazioa berritu eta berregituratu nahi du tokiko erakundeak. Aurreratu dutenez, beheko solairuan liburutegia, jubilatuen egoitza, bi areto eta biltegi bat egongo dira. Bigarren solairuan erabilera anitzeko areto bat atonduko dute, hainbat espaziotan banatu ahalko dena. Horrez gain, musika eta entsegu gela bana eta biltegia ere jarriko dituzte, eta beste espazio bat atonduko dute eskulanen tailerrak egiteko.
Ganbaran, aldiz, bi areto atonduko dituzte, ikasketa edota coworking gune moduan erabiltzeko. Horrez gain, komun irisgarri zein ez-irisgarriak egongo dira hiru solairuetan.
Vivancok nabarmendu du obrak ahalbidetuko duela ganbara espazio moduan ere baliatzea, orain arte usategi bat izan baita. Gainera, energia aurrezteko sistema ezarriko dute eraikin osoan, klimatizazioarekin eta sarbide irisgarriekin batera.