Margolanen erakusketa berria jarri du abian Artziniegako Santxotena tailer-museoak. Ibilbide artistikoa XX. eta XXI. mendeetan garatu duten Euskal Herriko zein nazioarteko 62 artisten 81 pieza bildu dituzte. Erakusketa ekainaren 1era arte egongo da ikusgai.
"Balio handiko proposamen artistikoa da, bai margolanen kantitateagatik, baita hauen kalitateagatik ere"
Teresa Lafragua museoko zuzendariak, balioan jarri ditu bilduma eta berau osatzen duten margolanak. "Balio handiko proposamen artistikoa da, bai margolanen kantitateagatik, baita hauen kalitateagatik ere". Izan ere, Santxotena museoan dauden obren atzean dauden egile askok eta askok nazioarteko errekonozimendua izateaz gain euren museo eta galeria propioak dituzte munduan zehar barreiatuta.
Javier Santxotenaren obra eskultorikoarekin tartekatuta aurkeztu dute bilduma berria. Orotariko estiloak elkartu dituzte: pintura abstraktua, hiper errealismoa edota inpresionismoa. Artziniegako margolarien lanak ere batu dituzte sorta berrira: Jose Maria Pinto, Alejandro Quincoces eta Fernando Ureta.
Lafraguak azpimarratu egin du museoa eta obra landa-eremuan kokatu egoteak duen garrantzia: "Periferietan kokatuta gauden museoek hirietakoak baino asko laguntza gutxiago jasotzen dugu, baina gure eskaintza beste edozein museorena bezain aberatsa da".