Artziniegako Udalak iragarri duenez, URA Agentziak bi proiektu ditu mahai-gainean udalerrian, hondakin-uren saneamendu sistema hobetzeko helburuarekin. Joseba Vivanco alkateak jakinarazi duenez, bilera izan du berriki URA Agentziako arduradunekin, egitasmoen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Gordeliz eta Artziniegako herrigunea lotuko dituen saneamendu sistema da proiektu horietako bat. URA agentziak proiektua idazteko lizitazioa abiatu berri du, 100.000 euroko aurrekontuarekin.
Kolektoreak 2,5 kilometroko luzera izango du. Horri esker Gordelizeko hondakin-urak Artziniegako sanemanedu-sistemara bideratu ahalko dira. "Kolektore berriaren trazadura aprobetxatuz, Artziniegako urtegitik datorren hornidura-hodiaren zati bat berritzea eta ordeztea aurreikusi beharko da proiektuan, Gordelizetik Artziniegako Edateko Ura Tratatzeko Plantara doan tartean", azaldu dute agentziako arduradunek.
Saneamendua hobetzeko proiektua
Gordelizeko kolektorearen proiektuak osagarrituko du gaur gaurkoz idazten ari diren Artziniegako udalerriko hondakin-urak Gueñeseko HUAra bideratzeko proiektua. Udalerriko hondakin-urak kudeatzeko lanen hasierako fasea da. Horretarako, Artziniegako saneamenduaren alternatibak aztertzen ari dira, 8 hilabeteko iraupena eta 93.970 euroko aurrekontua duen lizitazioaren barruan.