PSE-EEk hitzaldia antolatu zuen larunbatean Artziniegako udalbatza aretoan enpleguari buruz hitz egiteko. Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusian Itziar Orive alkategaiak, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Enplegu sailburuak eta Cristina Gonzalez ahaldungaiak hartu zuten hitza.
Orivek egin zuen aurkezpena eta behin eta berriro azpimarratu zuen berarentzat ildo nagusiena enpleguarena dela: "Jende orok lana izango balu, proiektuek aurrera egingo lukete errazago". Ondorioz, Orivek helburutzat jo zuen artziniegar guztiek enplegua izatea.
Bide horretan, alkategaiak uste du bitarteko gehiago bideratu behar dituztela erakundeek xede hori betetzera eta berak enplegu lanzaderan izandako esperientzia azaldu zuen. "Laudion egin den enplegu lanzaderan parte hartu dut eta aukera izan dut ikusteko bere eragin positiboa". Zerrendaburuak goraipatu zuen egitasmoak ondorio bikainak dituela, bereziki, 45 urtetik gorako emakumezko langabeen artean: "Urte luzez lan merkatutik kanpo egon ondoren, autoestimua igo eta tresnak ematen dizkie. Irrikan zeuden enpresekin elkarrizketak izateko".
Horregatik guztiagatik, Oriveren apustua da enplegu lanzadera Artziniegara ere eramatea.
Cristina Gonzalezek eta Idoia Mendiak hartu zuten gero hitza eta Gonzalezek aldarrikatu zuen sozialisten ahaleginari esker 6.000 langabe gutxiago daudela Araban 2019tik. Lorpen hori Arabako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan egindako ahaleginari egotzi zion Gonzalezek. Bide horretatik jarraitzea izan zen ahaldungaiak hartutako hautua.
Argazkiak: Arabako PSE-EE