Mendieta elkarteak antolatzen duen musika klasikoko VII. Kontzertuen Ziklorako sarrerak salgai daude jadanik

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 26a, 11:07
Iazko zikloaren argazki bat. / Mendieta Kultur Elkartea

Ekainean eta uztailean bost musika emanaldi eskainiko dituzte guztira Artziniegan.

Mendieta Kultur Elkarteak musika klasikoa erdigunean jartzen duen jaialdi berria antolatu du. VII. edizioa izango da eta bi lekutan egingo dituzte emanaldiak: "Arteko Amaren Santutegian, bere erretaula gotiko berantiar bikaina atzealdeko oihal gisa izanik, eta Agustindar lekaimeen komentuko patioan, giro paregabea duen txoko intimoa".

Ekainean eta uztailean egingo dira kontzertuak eta sarrerak salgai daude jadanik hemen. 7 euro balioko dute eta Internet bidez ez ezik, kontzertuan bertan salduko dituzte ordubete lehenago.

Hitzorduei dagokienez, ekainaren 3an Conrado Moyak joko ditu Johann Sebastian Bachen hainbat pieza Arteko Gure Amaren Santutegian.

Ekainaren 24an Agustindarren komentuan Gonzalo eta Sofia Martin anai-arrebek osatutako instrumentu-bikoteak biola eta biolontxelo saioa eskainiko dute.

Zikloak aurrera jarraituko du uztailaren 1ean Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble antzinako musikako taldearen eskutik. Colores del Sur programa aurkeztuko du laukoteak eta musika barrokoa izango da hizpide.

Txikienek ere euren lekua izango dute The Three Ravens kontzertuarekin uztailak 22an Arteko Gure Amaren Santutegian, 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzako proposamen didaktikoa izango baita, izenburu bereko balada ingelesean oinarritua. Balada hau, XVII. mendearen hasieran argitaratutako abesti tradizionala da eta hiru bele, zaldun bat eta bere emaztea, txakur eta belatzen istorioa kontatzen du.

Amaitzeko, Jakob Hirukoteak Ludwig van Beethoven eta Dimitri Shostakovich konpositore handien arteko elkarrizketa musikala proposatuko du.

2014an sortu zen Mendieta Kultur Elkartea, auzoko Santo Tomas eliza zaharberritzeko eta bertan musikari eskainitako kultur zentro bat jartzeko helburuarekin. Hasierako xedea aldatuta, Artziniegan kalitatezko musika sustatzea eta antzinako musikako, musika klasikoko eta musika tradizionaleko kontzertu-zikloa eskaintzea da oraingo asmoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide