Artziniegan ospatuko da Peñista Egunaren VII. edizioa larunbatean, ekainak 10. Athleticeko zaleen taldeak biltzea da egitasmoaren xedea, Peña Tiburoneko kideek azaldu dutenez. Artziniegako talde hori arduratu da ekimena antolatzeaz, eta ez lehenbiziko aldiz. 2017an ere herrian egin zen Euskal Herriko topaketa. “Guk egiten dugun bigarren aldia da honakoa”, azaldu dute antolatzaileek, “bi peña azaldu ginen horretarako prest, eta bozketa bidez erabaki zen gure gain geratzea”.
Athleticen zaleen “iparraldeko” talde guztiak batzea da egitasmoaren xedea, “behin Liga eta txapelketa guztiak amaituta”. Peña Tiburoneko kideek gogorarazi dute Athletic dela zale talde gehien dituen kluba, “Espainiako Estatu osoan”. Hori agerian geratuko da larunbatean Artziniegara bertaratuko den jende kopuruan.
Izan ere, “500 lagun inguru” biltzea aurreikusi dute antolatzaileek, iazko edizioko bazkarian jende kopuru hori egon zela kontuan hartuta.
Egun osoko egitaraua
Ekimenak hasiera xumea izan zuen. “Lehen, afari bat egiten zen Liga amaitzean, zeinetan jokalari onenari saria ematen zitzaion. Orain emakumezkoen taldeko jokalari onenari ere egiten zaio aitortza”, azaldu dute antolatzaileek. Baina afaria “gutxi” iruditzen zaitzaien batzuei, eta horregatik erabaki zuten "aurrekontua handitu eta egun osoko jaia antolatzea".
Gauzak hala, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera egongo da larunbatean Artziniegan, eta jarduera guztiak ez dira futbolera lotutakoak izango. Kontzertuak, herri bazkaria edota herri kirolak ere egongo dira.
Hemen ikusi daiteke egitaraua osoa: