Karpy ibilaldiaren V. edizioa ospatuko dute asteburu honetan eta parte-hartzaileen artean Marino Lejarreta egongo da. Berrizeko txirrindulari profesional ohiak Giro eta Tourreko etapak irabazi zituen eta igandean Artziniegara joko du ibilaldi ez lehiakorrean aritzeko.
Izan ere, La Karpy egitasmoaren helburua da Licor Karpy talde profesional desagertua gogoratzea eta bizikleta klasikoekin (1985ekoak beranduenez) ibilaldia egitea, garai horretako arropa jantzita.
Ekintza horrez gain, hainbat jarduera gauzatuko dituzte. Esaterako, gaur Alfredo Cerrillo txirrindularitza museoa bisitatuko dute Amurrion eta bihar Artziniegan 19:00etan batuko dira herrigunetik ibilaldia egiteko, Goiko Plazatik abiatuta.
Egitarau gehiena, edonola ere, igandean izango da. Ibilaldia 09:00etan hasiko da, azoka egingo dute Garai plazan 11:00etan eta 14:30ean herri bazkaria.