21 egun baino ez dira falta Kuttune musika taldearen crowfundinga amaitzeko. Printzipioz, jarritako helburuaren erdia bildu dute jadanik, baina xede egokienetik urrun daude oraindik.
Ekarpena egiteko aukera anitzak daude. Xumeena 5 eurokoa da eta horrekin eskerrak ematen dituzte CDaren liburuxkan. Baina badaude baita 15, 18, 25, 28, 50 eta 55 euroko ekarpenak egiteko ereduak ere, eta bakoitzak sari ezberdina dauka.
Proiektuaren atzean Nerea Quincoces Ochoa musikari eta abeslaria dago eta berak lideratzen du artista talde zabala.
"Bigarren disko honetan baita Euskal Herriko melodiak hartu ditugu abiapuntutzat. Kontu handiz hautatuak izan dira hainbat artxibo musikaletatik, besteak beste Juan Mari Beltran folkorista ezagunak zuzendutako Soinuenea izeneko artxibotik. Horren ostean, gure bidai musikala iberiar penintsulako hainbat puntutatik, Afrikatik, Ameriketatik zein Ekialde Hurbiletik jarraituko du, leku hauetako melodia, erritmo zein ehundurak gure musikan uztartuz", azaldu dute.
Jaso nahi duten diruarekin hurrengo lanak ordaindu nahi dituzte:
- Ikerketa zein konposizio musikalak zein sorketa prozesuak daramatzan orduak.
- Musikari bakoitzaren lana musika berria bereganatzeko eta partiturei bizitza emateko talde osoaren amankomunezko entseguak.
- Grabazio estudioan grabaketarako behar diren orduak eta bertaratzeko behar diren joan etorriak.
- Jada grabatuta dagoen musikaren postprodukzio lanak estudioko ingeniari eta produktorearekin batera, bai CD fisikoan bai plataforma digitaletan entzungo den masterra sortzeko helburuarekin.
- Masterra kopia fisikoak egingo dituen enpresari bidali eta, honekin batera baita, diskoak izango duen diseinua prestatu eta bidali (formatua, liburuxka, irudiak, argazkiak etbr.) inprimaketa prozesua has dadin.
- Musikaren formatu digital zein fisikoaren bidalketa zein banaketa lanak, hainbat enpresaren bitartez.