Literatur munduan bide luzea egin du Haizea Lopez idazle gazteak. Artziniegan girotutako Hijas de la lluvia 129. argitalpena du (Espasa, 2023). Gazte-gaztetan hasi zen idazten eta izenorde desberdinekin sinatu izan ditu bere lanak. Besteak beste, sei urtez egon zen gizonezko izen batekin sinatzen bidea errazago izango zitzaiolakoan.
Nondik datorkizu idazteko eta irakurtzeko zaletasuna, imajinatzen baitut idazle nekaezina izateaz gain irakurzale amorratua ere izango zarela.
Bai, irakurle izan gabe ezinezkoa litzateke idaztea. Nik txiki-txikitatik milaka liburu izan ditut etxean, nire ama oso irakurle ona zelako. Bere liburuak irakurtzen nituen, ez ziren umeentzako liburuak.
Eta nola hasi zinen idazten?
Hamabi urterekin nire lehenengo nobela luzea idatzi nuen. Ez zen inora heldu, ez zegoen nondik hartu. Orduan pentsatu nuen irakurtzea gustatuko litzaidakeena idatzi nahi nuela, eta horregatik hasi nintzen idazten. Hamasei urterekin lehenengo nobela luzea argitaratu nuen. Eskolara eraman nuenean literatura irakasleak esan zidan ondo idatzita zegoela eta zerbait egin behar nuela horrekin. Hainbat argitaletxetara bidali nuen eta denek itxi zizkidaten ateak, gazteegia nintzelako. Azkenean, mezuak bidaltzen nituenean nire adina adierazteari utzi nion eta horrela hasi zen nire ibilbidea.
Haizea Lopez gisa sinatzen zenuen orduan?
Bai. 23 urte nituenean lauzpabost nobela nituen idatzita eta 12 antologiatan parte hartutakoa nintzen, sariak ere irabazi nituen... Behin, liburu azoka batean literatur munduko beste pertsona batzuekin egon nintzen hizketan, honetaz bizitzea zein zaila zen komentatzen aritu ginen. Pertsona batek aholku hau eman zidan: genero komertzial bat bilatzea gomendatu zidan (urte horretan erromantika eta erotika gorantz ari ziren) eta esan zidan gizonezko izenorde batekin sinatzeko. Ez zen konponbide bat, baina esan zidan literaturaren munduan gizonezko izen batekin leku gehiago irabazten zela, eta azkarrago.
Funtzionatu zuen?
Nik horrela atera nuen nire lehen eleberria Christian Martins bezala. Nobela erromantiko ‘txutxu’ bat zen eta arrakasta handia izan zuen. Sei urtez egon nintzen itzalean, nire izena esan gabe. Inork ez zekien Christian Matisen atzean Haizea Lopez zegoela, soilik familiako kide batzuk, lagunek ere ez zekiten.
Noiz arte aritu zinen horrela?
2021ean erabaki nuen Cristian Martins atzean utziko nuela atzean. Getxoko Udalak ematen duen kultura sormenerako dirulaguntza eskuratu nuen eta gogoratzen dut alkateak eta kultura zinegotziak ezin zutela sinetsi ni ez ezagutzea.
Haizea Lopez sei urtez egon da Christian Martins gizonezko izenordearekin sinatzen, literatur munduan bidea egitea errazagoa omen delako gizona izanda.
Nolakoa izan zen berriz ere aldatzea?
Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Nire bizitzako urte asko izan ziren Cristian Martins bezala, nire lana zen eta beldurra ematen zidan. Orduan aurretik ezagutzen nuen argitaletxe batekin jarri nintzen harremanetan eta galdetu zidaten ea berriz ere Haizea Lopez bezala sinatu nahi nuen, baina niretzako madarikazio bat zen. Garai hartatik ez neukan oroitzapen onik eta erabaki nuen ez nuela berriz berdina egingo.
Zer erabaki zenuen, orduan?
Búho bezala sinatzen hasi nintzen, horrela esaten baitidate etxean, begi handiak ditudalako.
Ostean Planeta argitaletxea agertu zen eta Haizea Lopez bezala sinatzeko esan zidan. Hor duzue Hija de la Luvia, Haizea Lopez bezala sintatuta.
Izen batekin edo bestearekin, 129 argitalpen egin dituzu, nola da posible hain gazte izanik?
Oso gaztetan hasi nintzenez idazten, eta hau da beti egin dudana. Gainera, Christian Martins bezala publikazio digital asko egin nituen, eta merkatua oso ezberdina da. Liburu digitalek ez dute bizitza luzerik. Garai batean hiru nobela idazten nituen hilero-hilero, eta Amazonekin argitaratu bata bestearen jarraian. Nire irakurleek hori itxaroten zuten, hilabete batean ez banuen idazten, galdetu egiten zidaten. Presioa ere sentitzen nuen. Liburudendetan egotea oso ezberdina da.
Paperezko argitalpena edo digitala, zein nahiago duzu?
Bi formatuei ikusten dizkiet abantailak eta desabantailak. Nik liburuak maite ditut, liburu bat eskuetan izatea eta sentitzea itzela da; baina, berdina gertatzen zait irakurtzeko orduan. Hainbeste irakurtzen dudanez, ezin ditut liburu guztiak etxean izan. Digitalki erosten ditut lehenengo eta baten bat bereziki gustatzen bazait, paperean erosten dut nire liburutegirako.
Esan duzu hasi zinela idazten zuri irakurtzea gustatuko litzaizukeena. Zer duzu gustuko?
Denborarekin aldatzen joan da. Hamalau urte daramatzat literaturaren munduan eta ikasteko denbora izan dut. Idazten hasi zintzenean soilik thrillerrak eta misterioa idazten nituen, gero erromantikaren munduan sartu nintzen, eta, orain, urte horietan ikasi dudan guztia nire liburuetan islatzen saiatzen naiz.
Artziniegan girotutako Hija de la lluvia 129. argitalpena du Lopezek. Horietako asko digitalki baino ez ditu kaleratu, autoeditatuta.
Txikitako ametsa zenuen idazle izatea. Nolakoa da ogibide hau?
Ogibide guztiak bezala, landu eta borrokatu behar den gauza bat da. Literatur munduan idazle pila bat gaude eta horien artean zure burua nabarmendu behar duzu. Irakurleak ikusi behar zaitu eta hori da zailena, irakurleengana iristea. Lan asko egin behar da, eta batzuetan gustuko ez ditugun gauzak egin. Adibidez, ni urte askoz egon naiz beste izen batekin idazten, eta hori ez zen nire txikitako ametsa. Baina, balantza batean jartzen nuenean pentsatzen nuen gustuko nuena egiten ari nintzela eta merezi zuela. Niretzako idaztea beharrizan bat da, ez balitz nire ogibidea izango, berdin idatziko nuke. Ez dakit beste gauzarik egiten. Nire ametsa ikasten eta hobetzen jarraitzea da, egiten dudan honetan ahalik eta onena izateko.
Zure azken lanean murgilduko gara: zer dakar ‘Hija de la lluvia’ eleberriak?
Thriller psikologiko bat da, Artziniegan girotuta. Txakolina, mahastiak, maitasun istorio potente bat, sexua, jazarpenak... aurkituko ditugu. Uste dut genero literario guztietako pintzelkadak dituela.
Zergatik erabaki zenuen Artziniegan girotzea?
Ez zen hasierako ideia izan. Istorioa buruan nuen eta Artziniega ezagutzen nuen bidaiaren batean pare bat aldiz pasatu nintzelako handik, kaferen bat hartu nuen frontoiko tabernan. Beti pentsatu izan dut nobela baten edo pelikula baten eszenatoki perfektua dela: bailara batean sartutako herri bat, mendiz inguratua, harrizko kalezuloak, erdi aroko etxetxoak... Artziniegako herria pasada bat da, egun ez da horren ondo mantendutako herrixkarik geratzen. Oraindik ere suntsitu gabeko ingurua da. Nik istorioa nuen, non kokatu pentsatzen ari nintzen eta Artziniegarekin gogoratu nintzen eta perfektua zela otu zitzaidan.
Txakolina, mahastiak, maitasuna, sexua, jazarpenak... aurkituko ditu irakurleak.
Idazteko prozesuan Artziniegara bueltatu zara?
Egia esan, idatzita izan eta gero bueltatu nintzen Artziniegara. Egia da Google Earthek asko lagundu zidala, baina, egia da ere, istorioa batez ere Haize Hegoa etxean dagoela kokatuta, agirregoitiatarren etxean, Artziniegaren mugan. Herrira ere jaisten dira baina nik behar nuena ingurune pribilejiatu hori zen.
Nolako harrera izan du liburuak herrian?
Pasada bat izan da. Aurkezpen egunean hitzik gabe geratu nintzen. Ez nuen hainbeste jende espero, horrenbeste maitasun... Gaueko 10ak arte egon nintzen liburuak sinatzen. Oso polita izan zen eta aurkezpen erronda ere asko disfrutatzen ari naiz, denbora asko eman dut idazten, irakurleekin harremanik izan gabe.
Zure ekoizpen erritmoarekin, ziur hurrengo lanean pentsatzen egon zarela. Aurreratu dezakezu zerbait?
Hurrengoa idatzita neukan jada, baina lan asko geratzen da oraindik, zuzenketak eta aldaketak. Bakarrik nengoenean errazagoa zen publikatzea, nik erabakitzen nuen noiz. Orain Planeta dago nire atzean eta lan egin behar dut kritikak entzuten, hobetzen... Hobetzen jarraitzeko balio dit. Aurreratu dezakedana da thriller psikologiko bat izango dela, eta maitasuna eta erotismoa oso presente egongo direla. Hija de la lluvia-ren antzekoa izango da, eta Euskal Herrian ere egongo da kokatuta.