Artziniegako bizilagunek ez dute irailera itxaron beharko ohiko koloredun prakak jantzi eta kalera parrandan ateratzeko. Larunbat honetan bertan izango dute horretarako aukera, Kuadrillen Eguna egingo baita.
2018an antolatu zen Artziniegako Kuadrillen Eguna lehenbiziko aldiz. Arrakasta izan zuen ekimenak, eta hurrengo urtean errepikatu zuten egitasmoa. Pandemia etorri zen ondoren eta, bi urteko etenaldiaren ostean, iaz berrartu zuten ekimena. Gauzak hala, egunaren IV. edizioa izango da aurtengoa.
12:00etan hasiko dute ekintza sorta, txupinazoarekin eta Primo Bayok girotutako kalejirarekin. Bazkaria egingo dute jarraian, frontoian. 150 pertsonek eman dute izena dagoeneko otorduan, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Arratsaldean jarraituko du egitarauak, igel toka txapelketarekin eta karaokearekin. Gauean, aldiz, musikak izango du protagonismo osoa, Akuerdo Sindikal eta Cruce de Miradas taldeen kontzertuekin eta Trikizioren erromeriarekin.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten ez dute txosnarik jarriko, ez dielako kudeatzeko denborarik eman. Hori bai, aurreko urteetan bezala, zapiak aterako dituzte parte hartzaile guztientzat.
Herria girotzea dute helburu, “uztaileko normaltasunarekin” apurtzeko.
Zenbait kuadrilletako kideak daude egunaren antolakuntzan murgilduta. Izan ere, euren hitzetan, hori da ekimenaren xede nagusia: “Kuadrillen arteko elkarlana eta parte hartzea sustatzea”. Herria girotzea ere dute helburu, “uztaileko normaltasunarekin” apurtzeko. “Kuadrillen Eguna ekaineko azken asteburuan egin izan ohi da, baina aurten astebete atzeratzea erabaki dugu, aurreko asteburuan San Joan jaietako ospakizun ugari zeudelako eskualdean barrena”, azaldu dute kuadrilletako kideek.
Euren ustez, “xume” bezain “ederra” izango da larunbateko plana. “Nahiko tokiko jaia da, ez dago kanpotik jendea etortzeko pentsatua, edonorentzat erabat irekia dagoen arren. Ez da oso jai handia, baina bazkariarekin, igel tokarekin, karaokearekin eta kontzertuekin giro nahikoa sortzen da Artziniega bezalako herri txiki batentzat”.