Duela bi asteburu hasi zen Erdi Aroko Pintxoen II. Lehiaketa Artziniegan. Iaz hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatu zuten eta aurten egitasmoa berreskuratu dute Batzoki, Ostargi, La Encina, La Villa, Plaza eta Pirineum tabernetan.
Muinean dagoen ideia da Erdi Aroko produktuekin sortzea pintxoa. Hau da, Ameriketatik ekarritako guztiak baztertu dituzte; hala nola, patata, tomatea, piperra, artoa, txokolatea, kafea, kalabaza, mangoa, babarruna, kakahuetea edo indioilarra. Horretan datza zailtasuna eta zenbait establezimenduk euren asmakizunak plazaratu dituzte: Bacatron (lur eta itsaso kroketak), Kea (txerri eskuak boletus, sagarra eta pikuz beteta), hirugihar, tipula eta gazta Maravedia eta Txerriurdin.
Pintxoak 2 eurotan eskainiko dituzte gehienez, eta herri-bozketa bidez aukeratuko da pintxorik onena. Dastatzen dutenek txartel bidez baloratuko dute, eta parte hartzen duten tabernek zigilatuko dute pintxoa eskatzerakoan. 50 euroko 3 bonu zozkatuko dira pintxoa baloratzen duten pertsonen artean, irabazten duen lokalean kontsumitzeko.
Establezimendu irabazlearentzako saria 300 eurokoa izango da, Artziniegako II. Erdi Aroko Pintxoa berea dela adierazten duen plaka batekin batera.