Lehia estua izan da Artziniegako Erdi Aroko II. Pintxo lehiaketan. Sei tabernak hartu dute parte aurtengo edizioan, eta lehen hiruen artean aldea oso txikia izan dela aitortu du sariketa antolatu duen Udalak. Ekaineko eta uztaileko lau igandetan, hots, ekainaren 18an eta 25ean eta uztailaren 2an eta 9an, herritarrek Erdi Aroko pintxoak dastatu eta bozkatu dituzte, aurkezpena eta zaporea kontuan hartuta.
Batzokia, La Encina, La Villa, Ostargi, Plaza eta Pirineum tabernek hartu dute parte hiribilduaren 750. urteurrenaren ospakizunean jaiotako txapelketaren bigarren edizioan. 1492tik aurrera Amerikatik ekarritako produktuak baliatu gabe prestatu zuten denek pintxo bana eta salgai jarri zituzten aipatutako igandeetan, bi euroko prezioan gehienez. Kontsumitzaileek tabernan bertan egin zezaketen pintxoen zaporearen eta aurkezpenaren puntuazioa, eta bi emaitza horien baturak ezarri du aurtengo irabazlea.
Lehia estua eta sari ugari
Udalak adierazi duenaren arabera, aldea estua izan da lehen hiru sailkatuen artean, eta garailea La Villa izan den arren, aurkezpenean Plazak jaso zuen puntu gehien. Nolanahi ere, botoa eman dutenen artean La Villako txerri hankak izan dira pintxorik gogokoena, eta horren aitortza jasotzen duen plaka jasoko du asteburuan. Gainera, 300 euroko saria ere emango diote tabernari. Zehazki, “txerri-hankak boletus, sagar eta aranez beteak, tipula more eta erremolatxako txutneyarekin” prestatu ditu La Villak.
Baina, sariak ez dira bertan bakarrik geratu. Izan ere, Artziniegako Udalak 50 euroko hiru sari zozkatu ditu pintxoen bozketan parte hartu duten herritar guztien artean.