Bi egunez luzatu ziren Erretes Tudelako jaiak. Larunbat goizean abiatu zuten egitaraua, jaietako maskota den 'Etilico.com' panpinaren igoerarekin. Ondoren, haurrentzako puzgarriak eta herri kirolen erakustaldia egon ziren herriko plazan. Aizkora eta harri-jasotze erakustaldia eskaini zuen Ioritz Girasolek dozenaka lagunen aurrean.
Dena den, herritarrak ez ziren ikusle hutsak izatera mugatu. Askok su artean igaro zuten goiza, gastronomia txapelketetarako tortilla eta paellak prestatzen. Eguerdian, aldiz, hainbat lagun animatu ziren igel-txapelketan aritzera, eta 14:45ean banatu zituzten norgehiagoka guztietako sariak.
Arratsaldean, aldiz, parranda giroa nagusitu zen herrian, alboradarekin, magia ikuskizunarekin, Partymanen emanaldiarekin, bingoarekin eta diskofestarekin.
Igandean xumeagoa izan zen egitaraua: bermut dantza eta herri bazkaria egin zituzten mezaren ostean, eta arratsaldean erre zuten 'Etilico.com', festari amaiera emateko.
Argazkiak: Artziniegako Udala