Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Akuerdo Sindikal izenak badu punk xarma, baina gu ez gara horretara mugatzen"

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 11a, 07:00

Amurrioko Jai Herrikoien Egitarauaren barruan joko du Akuerdo Sindikal talde artziniegarrak ostiral honetan. Taldeko bateriajolea den EGOITZ VADILLOrekin hitz egin dugu.

Talde nahiko hasiberria da Akuerdo Sindikal. Noiz eta nola sortu zenuten?

Markel eta biok Barau taldean jotzen genuen lehen. Proiektu hori bukatutzat eman genuen eta beste zeozer egin nahi genuen. Orduan, Artziniegako beste bi lagunekin hitz egin genuen, Tito eta Jon; eta eurekin beste proiektu bat egitea pentsatu genuen. Entseguak egiten hasi ginen pixkanaka, eta ideia aurrera zihoala ikusi genuen eta hasi ginen kontzertuak ematen. Badugu hortik baita beste proiektu interegarriren bat ere. Hori izan da orain arte egin dugun ibilbidea. 

Taldekide guztiak zarete Artziniegakoak?

Orain arte Gaizka ere egon da taldean, baina joan da, beste mila proiektu zituelako eta ezin zuelako guztiekin. Gauzak hala, orain lau kide garen arren, urtebete eman dugu bost kide izaten, lau Artziniegakoak eta beste bat Zaramillokoa. Orain, aldiz, lau gara, eta laurak Artziniegakoak. 

Talde askok abestien bertsioak jotzen hasten dira, gero kantu propioak egitera igarotzeko. Zein fasetan zaudete zuek?

Nahasketa batean gaude orain. Hiruzpalau abesti propio ditugu, eta kontzertua bertsioekin betetzen dugu. Orain apur bat konplexua suertatzen zaigu jotzea, taldekideek familia eta seme-alabak dituztelako. Horrek ez digu ahalbidetzen nahiko genukeen bezainbeste geratzea, baina egiten ditugu gauzak. 

"Aurten lehentasuna eman diogu gure abesti eta letrak osatzeari"

Artziniegako Kuadrillen Egunean jo zenuten eta ostiral honetan Amurrion egongo zarete, Jai Herrikoien Aldeko Egitarauaren barruan. Baduzue beste emanaldirik esku artean?

Ez. Aurten pixkat lasai aritu nahi genuen, ez genuen asko jo nahi, jendea ez saturatzeko. Artziniegan beti jo izan dugu jaietan, eta ez genuen jendea aspertu nahi. Gure barne prozesu batean  gaudenez, gure gauzak egin nahian, lehentasuna eman diogu gure abesti eta letrak osatzeari. 

Sukalde lanetan murgilduta zaudete, beraz. 

Bai, horrelako zeozer. 

Eta nolakoak dira sukalde-lan horrekin sortzen ari zareten abestiak? Egiten dituzuen bertsioen estilokoak dira?

Esango nuke ezetz. Dena den, gure bertsioak apur bat zabalak dira. Punk klasikoa jotzen dugu, Eskorbutoren tankerakoa. Baina gero baditugu baita beste abesti batzuk melomanoagoak direnak, El Drogas edo Txarrenaren modukoak. Nahaste apur bat daukagu. Baditugu abestiak rock klasikora eramaten gaituztenak, beste batzuk punk melodikokoak dira, edo horrelako zerbait. Gure kantetan, letrak duen kutsuaren arabera erabakitzen dugu zer musika jarri. 

Letretatik abiatzen zarete orduan zuen kantu propioak konposatzerako orduan?

Bai... beno, ez. Azken finean, ez dugu araurik kantak egiterako orduan. Normalean abeslaria letra batekin hasten da. Baxua jartzen da gero, riff-ak, eta ni bateriako kontuekin... trasteatzen hasten gara eta horrek eramaten gaitu kantua egitera. 

Izenari erreparatuta behintzat, kanpotik ikusita, punk kutsua dario taldeari. Nola erabaki zenuten 'Akuerdo Sindikal' izena hartzea?

Egia esan, gure lehen izena 'Mugan' zen, baina Donostin badago beste talde bat izen berarekin, eta diskoak atera dituzte dagoeneko. Ez genuen arazorik nahi, eta orduan hasi ginen izenak bilatzen. Ez dut gogoratzen nola sortu zen izena, baina sumatu genuen bazuelako horrelako xarma berezi bat, eta hori jartzea erabaki genuen. Badu punk xarma, baina ez dut uste gu horretara mugatzen garenik. 

Aipatu duzu abesti propioak sortzen igaroko dituzuela hurrengo hilabeteak. Zer helburu duzue epe luzera begira?

Ez dugu mugarik jartzen. Gure nahia da ondo pasatzea eta honetaz gozatzea. Ez da gure ogibidea. Lau lagun gara, ondo pasatzeko geratzen gara eta orain dugu kantu batzuk sortzeko nahia. Ondo legoke etorkizunean maketa grabatzea, baina zuzenekoak ere eskaini beharko ditugu. Niretzat behintzat, zuzenekoak dira musikaren xarma, eta mundu honetatik gehien betetzen zaituena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide