Antzinako Azokaren edizio berri bat prestatzen ari dira Artziniegan. Iaz, COVID-19aren etenaldiaren ostean, herritar talde batek ekin zion ekimenaren antolaketari, hausnarketa prozesu luze baten ondoren. Aldaketaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta aurtengo edizioan ere bide beretik egin nahi dute aurrera. “Merkatuak bere sorreran zuen filosofiara itzultzea nahi dugu”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari.
Aurtengo XXIV. edizioa izango da, eta irailaren 16an ospatuko dute. Aurreratu dutenez, artisau postuen eskaintzan jarri nahi dute indarra, eta iaz baino gehiago egongo dira aurten. Talde eragileak Artziniegako herritarrei ere luzatu die, beste behin, azokan parte hartzeko gonbitea: “herri guztiak hartzen du parte azokan, denak janzten dira garaiko arropekin, eta hori da merkatuaren indargune nagusietako bat; izaera herrikoia, hain zuzen ere”. Aurreratu dute “egun osoko egitarau oparoa” prestatuko dutela, eta “giro ona” ziurtatuta dagoela.
Duela 25 urte antolatu zuten azoka lehenbiziko aldiz, Artziniega Museoaren ekimenez, eta eragile horrek antolatu zituen lehen hiru edizioak. Bolaretxe kuadrillak hartu zuen lekukoa gero, eta ondoren beste hainbat eskutatik igaro da ekimena prestatzearen ardura: Udalak hartu zuen bere gain lehenbizi, ostalari talde batek gero, eta tokiko erakundearen esku geratu zen berriz duela 5 urte, harik eta gaur egungo talde eragileak antolakuntza bere gain hartu zuen arte.