Ilargi betea baliatuta egingo dute gaur Peñalbako gaueko ibilaldia

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 30a, 07:30
Iazko txangoaren irudiak./ Ganzorrotz Mendi Taldea

19:30ean abiatuko du txangoa Ganzorrotz Mendi Taldeak eta Peñalbatik jaitsiera gauez egingo dute.

Ganzorrotz Mendi Taldeak Peñalbako gaueko ibilaldia egingo du gaur. Hain zuzen, 19:30ean Toñin Luengas frontoitik aterako dira eta 12 kilometroko bide zirkularra betetzeari ekingo diote.

2014tik antolatzen dute txangoa, abuztuan etenaldia egin ondoren, ikasturte berria gogoz hasteko. Orain arte esperientzia ona izan da, Andoni Ramirez Ganzorrotzeko presidentea azaldu duenez: "Urtero ez zaigu mendizalerik falta ekimen honetan parte hartzeko, herriko mendizaleak batez ere, baina kanpoko batzuk beti etortzen dira ere".  

Irteera jende ororentzat egokia da, gutxieneko eskarmentua izanez gero. Mendi taldeak gomendio berezi bakarra egin du parte hartzaileei begira: "Frontala edo linterna eramatea, jaitsiera gauez egiten baita. Dena den, zeru garbia izatekotan, ilargi betea nahikoa izango litzateke, bide zabaletan zehar ibiliko garelako. Horretaz aparte, txango arrunten aholkuak jarraitzea gomendatzen dugu (Zerbait jateko eta edateko eta arropa eta oinetako egokiak eramatea)".

Ilargi betea, txangoaren osagaia

Ganzorrotz taldeak ibilbidea errepikatu ez ezik, urtero beste elementu bat ere ez du aldatzen; ilargi betea. "Bururatu zitzaigun zerbait ezberdin baina erraza egitea. Gainera, Peñalba mendira askotan igotzen gara urtean zehar eta pentsatu genuen ikuspuntu ezberdina ematea, ilargiaren argitan ibiltzeko helburuarekin. Horregatik, saiatzen gar beti txangoa egitea ilargi betea dagoenenan" argitu du Ramirezek. 

Bi mendi txango egiteko aukera

Mendi taldeko kideek beste irteera bat antolatuko dute gaur, Soxoko Jaietan egiten dena.

"Kasualitate hutsa izan da aurten bi txango bultzatzea egun berdinean. Ilargi betea eta Soxoko jaiak bat egin dute. Horregatik, Soxoko 7. Mendi Martxan Ganzorrotz-ek laguntzen du, baina lan gehiena Soxoko Jai Batzordeko kideek egiten dute. Guk bultzatzen dugu ekimena hasieratik, eta Artziegako mendizaleei animatzen dugu parte hartzeko, bai Soxoko Martxan, bai Peñalbara Gaueko Txangoan" adierazi du Andoni Ramirezek.

Soxoko hitzorduari dagokionez, goizeko 9:30etatik aurrera, elizan hasiko eta bukatuko da ibilbidea, 12 kilometrotako luzaerarekin eta 450 metroko desnibelarekin. Beti bezala, izen ematea doakoa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide