Erabiltzaile guztiek Barcena auzoko skate parke berriaz goza dezaten, Artziniegako Udalak hainbat arau ezarri ditu. Esaterako, kaskoa derrigorrezkoa izango da pistetan patinatzeko eta ukondoak eta belaunetakoak erabiltzea gomendatu du tokiko gobernuak. Izan ere, gogorarazi du kirol hori ez dagoela “arriskutik kanpo” eta arduraz egiteko eskatu die erabiltzaileei.
Edonork erabil ditzake pistak ezarritako ordutegian, baina 12 urtetik beherakoek lagunduta joan beharko dute. Nahi duen orok skate parkeaz gozatzeko aukera izan dezan, espazioa errespetatzeko, partekatzeko, besteei laguntzeko eta txandak adosteko eskaria luzatu du tokiko gobernuak.
Pistetan skateak, skateboardak, patinak, scooterrak, bizikletak eta gurpil-aulkiak soilik erabil daitezke, debekatuta daude motordun ibilgailuak eta mendiko zein errepideko bizikletak. Gainera, Udalak gogoratu du kirol eremu berria ez dela “haurrentzako jolasgunea”, eta arduraz erabiltzeko eskatu du. Erabiltzaileek ezingo dute argizaririk, xaboirik edo bestelako substantziarik jarri coping edo txirrista ertzetan, eta euria egiten duenean ezingo dituzte pistak erabili.
Udalak gogorarazi du Barcena kirol gunea erabat kerik gabeko gunea dela eta patinatzaileei eskatu die arretaz eta euren mailaren arabera patinatu dezaten.