Teo Zelenyi izeneko hamaika urteko haur bat hil zen atzo Artziniegako Gau Beltzaren ospakizunetan. Gaztea zerraldo erori eta oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik zendu zen.
Gertaerak samina eragin du herrian. Artziniegako Udalak hiru dolu egun deitu ditu, azaroaren 2ko 00:00etatik hasita azaroaren 5eko 00:00etara. Horrela adierazi du tokiko gobernuak gaur goizean argitaratutako bandoan. Hiru egun horietan udaletxeko bandera ofizialak hega erdian egongo dira, eta haurrentzako antolatutako jarduera guztiak bertan behera utziko dituzte. Horrez gain, elkarretaratze isila deitu dute ostiralerako, 17:30ean Toñin Luengas frontoian.
"Udalaren eta hura osatzen dugunon izenean, talde politikoak eta udal langileak, eta Artziniegako herritarren izenean, gure doluminak eta elkartasuna adieraztea senideei, batez ere Elisaveta amari, lagunei eta Arteko Gure Ama eskola komunitateari. Denok sentitzen dugun minarekin bat egiten dugu, eta gure egiten dugu", adierazi du Udalak oharrean.