Teo Zelenyi gaztearen omenezko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Artziniegako Toñin Luengas frontoian. Hamaika urteko gaztea bat-batean zendu zen, herriko Gau Beltzaren ospakizunetan murgilduta zegoela. Samina eragin du Teoren heriotzak herrian. Udalak hiru dolu egun deitu ditu azaroaren 2tik hasita, eta haurrentzako jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte.
Gaur elkarretaratze isil batekin omendu dute Teo Zelenyiren memoria. Jendetza elkartu da Toñin Luengas frontoian, Artziniegako Barratxi Guraso Elkarteak Teoren omenez sorturiko irudiaren inguruan. Joseba Vivanco alkateak hitz egin du Udalaren izenean, ekitaldira bertaratutako guztiei eskerrak emanez, eta gaztearen senide eta lagun guztiei elkartasuna adieraziz. Txalo zaparrada luze batekin eman diote amaiera bost minutuko isiluneari.