Datorren urteko aurrekontuak osatzeari ekin dio Artziniegako Udalak, herritarren parte hartzearekin

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 6a, 21:37

Kultur Etxearen barrualdeko obra amaitzea da Udalak datorren urterako aurreikusi duen proiektuetako bat. / Artziniegako Udala

Bilera irekia egin dute gaur arratsaldean Udaletxean, eta galdetegi bat ere jarri dute bizilagunen eskura. 

2024ko aurrekontuak osatzeari ekin dio Artziniegako Udalak, eta herritarren parte hartzea sustatu nahi du horretarako. Gaur bertan egin dute gaia lantzeko bilera irekia. Datorren urterako aurreikusitako ekimenak aurkeztu dituzte bertan, bizilagunen inpresio eta ekarpenak jasotzeko. 

Honako ekimen hauen gaineko iritzia eskatu die Udalak herritarrei, besteak beste:

  • Kultur Etxearen barrualdea amaitu eta egokitu
  • Bideetako sasi-garbiketen maiztasuna handitzea
  • Bide publikoak irekitzen jarraitzea
  • Arteko landako azken "etxola" askaldegi estali gisa prestatzea
  • Adinekoentzako Eguneko Arreta Zentro berria (CRAD) gauzatzen hastea
  • Argi berriak jarri behar diren lekuetan jartzea
  • Bideak hobetzen eta konpontzen jarraitzea
  • Usoak harrapatzeko plana egitea
  • Udalerrian zuntz-zementua egoteari buruzko inbentarioa egitea
  • Udalerriko energia eta klima plana egitea
  • Axpe-Hormaza espaloiak konpontzea

Dena den, bilerara bertaratzerik izan ez duten herritarrek ere aukera izango dute euren iritzia plazaratzeko, Internet bidezko galdetegia jarri baitu tokiko erakundeak bizilagun guztien eskura. Hemen ikusi eta bete daiteke formularioa. 

Paperean betetzeko aukera ere egongo da. Horretarako, galdetegiaren kopia fisikoak jarri dituzte Udaletxean zein udal liburutegian, bertan bete eta uzteko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide