Artziniegako jakirik ezagunena da odolostea. Hori dela eta, Artziniegako Odoloste Pintxo Lehiaketa antolatu dute Udalak eta merkataritza elkarteak elkarlanean. Iragan azaroaren 12an abiatu zuten lehiaketa, baina datozen asteburuetan ere aukera egongo da odoloste pintxoak dastatzeko. Hain zuzen ere, azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an herriko tabernek lehiaketako pintxoak aurkeztuko dituzte haien barretan.
Orotara sei taberna batu dira lehiara: Batzokia, La Encina, La Villa, Ostargi, Pirineum eta Igerilekutako taberna. Herritarrak izango dira lehiaketako epaileak, sei taberna horietan aurkituko dituzten balorazio txartelak betez. Pintxoaren zaporea eta aurkezpena izango dira aldagai puntuagarriak. Gainera, 50 euroko hiru sariren zozketa egingo da parte hartzen duten bizilagun guztien artean.
