Abenduaren 3an Aiaraldeko euskaltzaleentzako "arnasteko, batzeko, indartzeko eta ospatzeko" elkargunea izango da Artziniega. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan ospatuko baitu aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna.
Amurrion "aterkipean" abiatutako ibilbideari udalerri berri bat gehituko diote astebete barru
Duela zortzi urte ekin zioten Euskararen Eguna Aiaraldea mailan antolatzeari. Gauzak horrela, Amurrion "aterkipean" abiatutako ibilbideari udalerri berri bat gehituko diote astebete barru: "Artziniegaren txanda iritsi da. Iaz Artziniegako hiribilduaren sorreraren 750. urteurrena ospatu zuten herritarrek. Historiaz betea, eskualdeko museo gehien dituen herria ere bada Artziniega. Alde zahar ikusgarria eta inguru natural ederra du, bi elementuak batzen dituen Artea eta bere Santutegia ahaztu barik. Ondare ezinbestekoa gure eskualdea barrutik ezagutzeko".
Urte bete euskalgintzan
Azken urtean euskalgintzan egindako lanaren balantzea egiteko baliatuko du hitzordua kontseiluak. Arlo horretan, urte bizia izan da 2023a, "euskararen aurkako oldarraldi judizialak" eta horrek eragindako mobilizazio jendetsuek markatutakoa.
Beste hainbat dinamiketan ere murgilduta egon da Aiaraldeko Esukalgintza Kontseilua. Maiatzeko Udal eta Foru hauteskundeetan euskararekiko konpromisoak eskatu zizkieten alderdi politikoei. Futbola euskalduntzeko kanpaina ere jarri dute abian aurten, eta gurasoekin transmisioaren garrantzia landu dute, besteak beste. "Hamaika proiektu eta ekimen, eta etorriko direnak!, euskararen alorra borbor den honetan: hizkuntza ereduak, pantailetan euskara, ikasleen euskara maila, hizkuntza eskubideak...", adierazi dute kontseilutik.
Egun osoko egitaraua
Adin eta publiko guztientzako egitaraua prestatu dute abenduaren 3rako. Horretarako, elkarte andanarekin aritu dira lankidetzan: Ganzorrotz Mendi Taldea, Artzikirola Elkartea, Bizindar Sokatira Taldea, Builaka Batukada, Sorginlarren, Kirikiño eta Otsati Elkartea beste askoren artean. Euskalgitza Kontseiluak Artziniegako Udalaren inplikazioa ere eskertu nahi izan du egitarauaren aurkezpenean, baita Aiaraldeko gainerako udalerrien ekarpena ere.
"Egitarauan kirola, jolasak, mendia, jaia, musika... osagarririk ez da faltako parte hartu, kantatu, dantzatu eta euskaraz gozatzeko. Aiaraldeko euskaldunon komunitatea trinkotu, herri eder, inguru ikusgarri eta giro hobezinean", adierazi dute antolatzaileek.
Jarduera guztiak Toñin Luengas frontoiaren inguruan egingo dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gainera, autobus zerbitzua ere izango da inguruko herrietako bizilagunentzat.
Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa.