Auzokideen ekarpenak bilduta, 2024ko aurrekontuak osatzeari ekin dio Artziniegako Udalak. Horretarako, herritarren aldetik jasotako hogeita hamasei proposamen izan ditu kontuan. Urrian zabaldu zuen tokiko gobernuak aurrekontu-partidetan sartu beharreko proposamenei ekarpenak egiteko bidea.
Auzokideek markatutako lehentasun gehienak ildo berekoak izan dira: Kultur Etxeko lanak amaitu eta azpiegitura abian jartzea, argiteria berria instalatzea, dorretxeko hotela zabaltzea eta eguneko arreta zentro berria eraikitzea.
Ekarpen horiek guztiak urrian egindako auzo eta herri batzarretan jasotako proposamenetara batuko ditu Udalak. Auzokideek bide publikoen mantentzean zein zaborren bilketako zerbitzuaren hobetzean egin zuten azpimarra. Tokiko gobernuak oso positiboki baloratu du batzarrek izandako harrera, non hamazortzi proposamen berri batu diren.
Handitu beharreko partidak
Datorren urtean handitu beharreko diru-partiden inguruan ere galdegin die Udalak herritarrei. Gauzak horrela, artziniegarrek lehentasuna eman diote Antzinako Azokaren XXV. edizioko, Artziniegako jaietako berdintasun arloko eta Museo Etnografikoaren XL. urteurreneko aurrekontuak handitzeari. Guztira hamahiru dira datorren urtean handituko diren partidak.
Udal Gobernuak abenduan onartu nahi ditu kontu berriak, 2024a hasi berritan lanean jartzeko asmoz.
Udal zerbitzuen balorazioa
Auzokideekin abiatutako hartu-eman prozesua baliatu du Udalak zerbitzu eta arlo desberdinen inguruko herritarren iritziak biltzeko. "Jasotako 36 inkesten emaitzek erakusten dute zerbitzu guztiek iritzi ona dutela oro har, eta denek gainditzen dutela", azaldu du Udalak ohar bidez.
Hauek dira tokiko gobernuak aurkeztutako emaitzak:
- %73,8k 7 eta 10 puntu artean baloratu du jendearentzako arreta.
- %75,8k 7 eta 10 puntu artean baloratu ditu Alkatetzaren arreta eta erantzuteko denbora.
- %48,4k 7 eta 10 puntu artean baloratu ditu gizarte-zerbitzuak.
- %51,6k 7 eta 10 puntu artean baloratu du zaborra biltzeko zerbitzua.
- %42,5ek 7 eta 10 puntu artean baloratu du udalerriko bide-garbiketa.
- %57,6k 7 eta 10 puntu artean baloratu du kultura-jardueren programazioa.
- %43,5ek 7 eta 10 puntu artean baloratu du udal-ikastaroen programazioa.
- %66,6k 7 eta 10 puntu artean baloratu du Udalak herritarrei emandako komunikazioa eta informazioa.
- %48,5ak 7 eta 10 puntu artean baloratu du udalerriko turismo-sustapena.
- %61,7k 7 eta 10 puntu artean baloratu du udalak ostalaritza eta merkataritza sektoreari emandako laguntza.