Lo-zaku, manta, esterilla eta motxila bilketa egingo dute abenduan zehar Artziniegako Udaletxean. Udalak sustatu du egitasmoa, Otsati eta Izangai elkarteekin batera.
Bilbon jarduten duen irabazi asmorik gabeko taldea da Izangai, eta bazterketa egoeran edo horren arriskupean dauden pertsonei laguntzea du helburu. Hainbat proiektu eta azpiegitura ditu horretarako: bi eguneko zentro, lan formaziorako tailer bat, babespeko etxebizitza batzuk edota oinarrizko beharrizanak asetzeko proiektu bat.
Baina, baliabide guzti horiek izan arren, elkarteak ez du gaitasunik bere jardueretan parte hartzen duten pertsona guztien oinarrizko beharrizanak asetzeko. "Une honetan horietako asko kalean lo egiten ari dira, ez dutelako tokirik udal aterpeetan", jakinarazi dute bilketaren antolatzaileek. Horregatik egingo dute Artziniegako ekimena, pertsona horiek "ahalik eta hotz gutxien" igaro dezaten neguan zehar.
