David Isasi artziniegarrak disko berria kaleratu du. CD euskarrian plazaratu du 10 abestiko lana. Bere kabuz sortu du, baina musika tresna ugari baliatu ditu horretarako, gitarra, baxua, ukelelea, mandolina, banjoa edota buzukia, besteak beste.
Lan honetan country soinua jorratu du eta Willie Nelson bakarlari amerikarraren musika izan du erreferente, A beautiful time diskoa batez ere. "Ez dut kopiatu bere musika, baina baliogarria izan zait soinua nola gorpuztu nahi nuen jakiteko", argitu du sortzaileak.
Kanta guztiak gazteleraz dira eta gai anitzak lantzen dituzte. Esaterako, Pirineum abestian kontatzen du zer nolako apustua egin zuen izen bereko taberna irekitzean. Camil Pirinioetako azken hartzari buruzkoa da eta Janovas abestian Pirinioetan urtegi bat eraikitzeko hustu zuten herria oroitzen du. Gai arinagoak ere izan ditu ardatz; bere txakurra edota baratza, alegia.
Zuzenekorik ez
Bere lana dela eta, Isasik ezingo du diskoa zuzenean jo: "Taberna bat daukat eta nire ordutegiak ez dira bateragarriak besteen ordutegiekin, gainera, asteburutan lan egiten dut. Hala ere, diskoa argitaratzean abestiak zabaldu nahi ditut, ahaztuak geratu ez daitezen".
Dena den, eskarmentu handiko musikaria da Isasi. Azken Garraxia heavy metal taldean aritu zen, baita Babel Covers berbena bandan ere.
Horrez gain, lau disko plazaratu ditu bakarlari gisa: "Lehenengoa heavy-rock estilokoa da, bigarrenak pop kutsua zuen eta aurrekoa El viajero incansable izan zen".
Isasiren azken diskoaren ale bat zozkatuko du Aiaraldea Komunikabideak. Hemen eman daiteke izena zozketan.