Komunitateko konpostaje-eremu berria jarri dute Artziniegan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 5a, 17:25
Gainontzeko edukiontzien alboan jarri dute konpostaje-eremua. / Aiarako Kuadrilla

Aiarako Kuadrillak jartzen duen mota horretako laugarren azpiegitura da. Laster deituko dute bilera irekia ekimenera batu nahi duten bizilagunentzat.

Auzo-konpostajerako laugarren gunea instalatu du Aiarako Kuadrillak, Artziniegan. “Gune horiek konpostagailuak eta egituratzailearentzako kutxa bat dituzte, eta hondakin organikoen kudeaketari irtenbide iraunkor eta lokalizatua ematen diote”, azaldu du tokiko erakundeak. 
Modu horretan, Artziniegako familiek aukera izango dute euren etxeetako animalia zein landare jatorriko hondakin organikoak konpostatzeko. Kuadrillak jakinarazi duenez, bilera irekia egingo dute laster, ekimenera batu nahi duten bizilagunentzat. 

Ildo horretan sakontzen jarraitu nahi du tokiko erakundeak hasi berri den urte honetan, “komunitateko konpostajearen praktika udalerri handienetako auzoetara eta eskualdeko adminsitrazio batzarretara” zabalduz. Horretarako, prestakuntza jardunaldiak eta ikastaro berriak egitea aurreikusi dute 2024an zehar.

Horrez gain, beste gauza bat ere egin nahi du Kuadrillak aurten: edukiontzi marroian txartel bidez sartzeko kontrol-sistema eskualdeko beste eremu batzuetara zabaltzea. Gaur egun, Luiaondon baino ez dago sistema hori instalatuta.

Dena dela, helburu horiek lortzeko, tokiko erakundeak nabarmendu du funtsezkoa izango dela herritarren parte hartzea.

Azken 8 urteetan konpostaje kanpainara batu diren pertsonen %80ak eutsi dio birziklatze sistema honi, Kuadrillak eginiko inkesta baten arabera. 

%80ko jarraipena

Aiarako Kuadrillak 2015an ekin zion konpostajea sustatzeari, eskualdeko udalerrietan eginiko ikastaroen bidez. Nabarmendu dutenez, emaitza oparoak izan ditu eginiko lanak: “Duela gutxi, ingurumen-arloko zerbitzu teknikoak jarraipen-deiak egin ditu azken urteetan egindako ikastaroetan parte hartu duten 125 pertsonen lagin batean. Elkarrizketatutako pertsonen % 80k adierazi du etxean konposta egiten jarraitzen duela”. Kuadrillaren ekimenean parte hartzeari utzi diotenek, aldiz, “denbora faltagatik” egin dute, edo beste konpostaje-sistema batzuetan parte hartzera pasa direlako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide