Hauteskunde urtea izan da, eta gehiengo eskuratu duzue berriro, zein da balorazioa?
Lau urteko udal kudeaketaren azterteketa izan zen. Aintzat hartu behar da oso urte zailak izan direla eta ikasteko tarte txikia izan dugula, bereharala harrapatu gintuen pandemiak eta. Konplikatuak izan dira, baina positiboak ere. Aurrera egin dugu, baina kostu pertsonala handia izan da.
Udalerriak aurrera egin du hainbat esparrutan, bide publikoen irekieran, adibidez, beste udal gobernu taldeek ekidin dutena. Beste kasu batzuetan oztopo administratiboak aurkitu ditugu, burokraziagatik.
Emaitzen aldetik, historikoak izan dira. Izan ere, lehen hauteskundeetatik zerrenda batek ez zituen bostehun bozak gainditzen eta egin genuen, zinegotzi bat gehiago lortuta eta PP desagertuta, hainbat urteren ondoren.
Kontziente gara bozken zati bat egindako kudeaketagatik dela, baina beste zati bat konfiantzazkoa da. Alegia, konfiantza eman digute orain arte egondako arazoak konpondu ditzagun legealdi honetan. Balurbilduz, oso emaitza onak, baina badakigu zer egin dugun ondo eta zer txarto eta konpondu ez ditugun arazoei irtenbidea emateko konpromisoa dugu.
Nola egingo diozue aurre legealdiari?
Kontuan hartu behar dugu sei zinegotzitik lau berriak direla. Ezagutu behar dute Udala eta moldatu. Besteok badugu eskarmentua eta beste modu batean hartuko dugu. Azken lau urteetan izugarrizko lana egin dugu eta ez da bideragarria, espero dugu hau lasaiagoa izatea.
Ezagutzen ditugu erritmoak eta ez gara erotuko. Hala ere, kultura esparruan, adibidez, ekintza mordoa dugu eta ezin dugu erritmoa jaitsi.
2023ko balorazioa zein da?
Hauteskundeek udal jarduera gelditzen dute. Udal gobernu talde berria eratu beharra dago, gero oporrak datoz... Ia hiru hilabete oso funtzionamendu apalarekin zaude. Dena den, aurten lortu dugu Kultura Etxeko lanak abiatzea, eta proiektua ixtea ahalegin handia izan zen. Erritmoak, gainera, onak izaten ari dira. Legealdi honetan Foru Planeko hiru obra handi izan ditugu eta amaitu behar ziren. Urtean bi obra handitan sartzen bagara, nahikoa da, baina dirulaguntzak zeudenez, gehiagotan egin dugu.
Horrez gain, lehenengoa urtea izan da Artziniegako Museoak hitzarmen berriarekin lan egin duela. Horrek egonkortasuna eman dio 2025era arte eta espero dugu luzatzea.
Garrantzitsua izan da kontratu txikien prozedura aldatu eta azkartzea. Kanpora begira ez da nabaritzen, baina kontratazioak egiteko inportantea izan da. Jaietan, adibidez. Aurten ere auzoekin bilerak egin ditugu, jendeak parte hartzeko eta ekarpenak egiteko. Errealitate proba da, herritarrek aurpegiratzen dizkizute zenbait erabaki eta eurekin eztabaidatu behar duzu.
Hotelaren afera ez dugu guztiz itxi eta pena izan da. Erremateak baino ez dira geratzen, baina egin behar dira. 320.000 eurotik, enpresak 40.000 euro kobratu behar ditu oraindik, zati txikia da, baina ez dute amaitu. Jakinarazpena bidali diegu ahalik eta lasterren egin dezaten, ez badute egiten kontratua etengo dugu. 13.000 euroko isuna jarri diegu jadanik. Ez da egoera erraza, lanak gehiago luzatu daitezke eta, helegitea aurkezteko aukera dute eta gero beste enpresa bat kontratatu beharko genuke.
Helburua da 2024an hotelaren lizitazioa egitea. Irisgarritasun obrak eta skate pista egin ditugu. Pista horrek sekulako erabilera izan du eta familiak pozik daude, azken moldaketa batzuk falta arren. Kultura esparruan oso urte bizia izan da eta jaiak zein erdi aroko azoka ondo egon dira.
“Kultura Etxeko obrak egiten dituen enpresari 13.000 euroko isuna jarri diogu atzeratu delako”
Aurrekontuak prestatzeko parte hartzerako prozesua egin duzue, zein da balorazioa?
Ondo. Proposamenak jaso ez ezik, inkesta ere zabaldu genuen udal zerbitzuen balorazioa egiteko. Berrogei lagunek erantzun zuten Internet bidez eta balorazioak, oro har, onak dira. Kultura Etxeko obra amaitu behar dugu irailerako, gero altzariak jartzeko eta abar. Epe hori ondo legoke.
Beste xede bat da Dorreko hotela irekitzea eta eguzki plakak instalatzea eskolan. Auzuneek eskatu digute landabideetako mantenua hobetzea eta argiteria publikoa ere.
Gainera, usoen harrapaketa abiatu nahi dugu, alde zaharrean arazoa baitugu animaliekin. Foru Aldundiak baimena eman digu, kalteak sortzen dituztelako eta etxeetan sartzen direlako. Kaiolak erabiliko ditu enpresa batek. Lan luzea izan da, baina erakutsi dugu egiten dugula. Bideekin bezala. Agian ez da berehala egiten, baina egiten da.
Ez dut ahaztu nahi Etnografia Museoaren 40. urteurrena dela 2024an. Garrantzitsua izango da baita ere herriko zeharbidearen berriketa. Arabako Foru Aldundiak ekin dio diseinatzeari eta ez dakigu 2024an edo 2025ean izango den, baina obra egingo dute. Berrituko dute errepidea, argiteria... Lan handia izango da. URAk ere kolektoreetan esku hartuko du eta hoditeriaren aldaketa gure gain egongo da. Eguneko zentro berriaren proiektua hor dago. Aurten egingo bagenu bikain legoke. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiko Planaren dirua ere helduko da eta turismoan eragina izango du, dorretxe eta museoen ibilbideak egiteko. Kexaako inbertsioak guregan eragina izango du. Adibidez, guk proposatu dugu han turismo bulegoa egotea. Landabide publikoak irekitzen eta seinaleztatzen jarraitu nahi dugu, ibilbide zirkularra handitzeko.
Erdi Aroko Azokaren 25. urteurrena aurten izango da eta espero dugu beharrezko garrantzia ematea, herrian eragina dauka eta.
Nola nahi duzu amaitzea Artziniegak legealdia?
Esku hartze eta obra oso garrantzitsuak daude. Herria eraldatuko dute; uraren azpiegitura, Kultura Etxea, zeharbide berria, eguneko zentroa, Foru Planean eskatu ditugun hobekuntzak... Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzen ari gara ere. Demografiari erreparatuta, 20-40 urte artekoak jaisten ari dira etxebizitza publikoa ez dugulako. Arazo hori aintzat hartu behar dugu HAPO osatzeko orduan.
Turismoan lortu dezakegu Dorretxeko Hotela irekitzea, agian jatetxearekin.
Dena den, parte hartzea sustatu nahi dugu, elkarteek lekuko aldaketa behar dute. Bi edo hiru urteko umeak euskaraz mintzatzen ari dira, euskaraz hitz egiten dietelako gurasoek eta hori eredua da. Etorkizuneko Artziniegarako inplikazioa behar dugu. Lan handia dugu elkarteekin eta arazoa izango da. Jaietan gertatzen da eta Udalak ezin ditu bere gain hartu. Jendeak interesa izan behar du antolakuntzan ere.
Irekitzen ditugun toki berriekin ere arazo berriak sortuko dira. Egun bi langile ditugu eta ez da nahikoa. Zerbitzuak mantendu beharko ditugu.
Polemika izan duzue Arabako Batzar Nagusien bilkura hemen egin nahi zenutelako?
Aiarako eskualdean izan behar zen eta 2021ean eskatu genuen, 750. urteurrenarekin bat egiteko. Hurrengoa guri zegokigun. Izan ere, Okondok 1998an hartu zuen eta guk 1992an, baina EAJk jokaldia egin du, Aiarako Kuadrillako beste herriak EH Bildukoak baitira eta Okondori eman dio PSE-EErekin batera. Erabaki oso itsusia iruditu zait.