Abuztuaren 30etik irailaren 8ra luzatuko dira Artziniegako Jaiak, eta hauek antolatzeari ekin diote

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 13a, 16:28

Jaien antolakuntzaz arduratuko den komisioa osatu dute honezkero. / Aiaraldea.eus

Abuztuaren 30etik irailaren 8ra luzatuko dira Artziniegako Jaiak. EAJk ospakizunen hasiera astebete atzeratzea proposatu zuen baina, herritarrei galdetu ostean, datak mantentzea hobetsi du Udal Gobernuak.

Hasi dituzte aurtengo Artziniegako Jaiak prestatzeko lanak. Festak noiz ospatu zehaztea izan da lehen urratsa. Izan ere EAJren udal taldeak proposamena aurkeztu zuen aurrerantzean iraileko lehenengo ostirala izan zedin jaietako lehenengo eguna. Neurri horrekin, ospakizunak abuztuan hastea ekidin nahi zuen talde jeltzaleak. Modu horretan, aurtengo jaiak irailaren 6an hasiko lirateke.

"Proposamen horren aurrean bilera irekia deitzea erabaki genuen, herritarren iritziak jasotzeko", azaldu dio Joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari. Auzokideen iritziak entzun ostean, aurtengo jaiak ohiko egutegiarekin mantentzea erabaki du Udal Gobernuak. "Herritarren iritzia izan zen, aurten behintzat, jaien egunak dauden bezala mantentzea. Aurten abuztuaren 30ean hasiko dira jaiak eta irailaren 8an bukatu", adierazi du gobernuburuak, etorkizunean gaia berriro eztabaidatzeari atea itxi gabe.

Jaien antolakuntzan burubelarri

Lehenengo erabakia hartuta, jaien antolakuntzan murgildu dira Artziniegan. Bilera egin zuten aurreko astean, jaien antolakuntzaz arduratuko den lan-taldea osatzeko. "Gure nahia beti izan da herritar talde batek batzorde bat osatzea eta jaien antolakuntzaz arduratzea. Iaz ez genuen lan-talde hori sortzea lortu eta Udalak antolatu zuen jaietako egitaraua, baina hori ez da hobesten dugun eredua", nabarmendu du Vivancok.

Aurten bai, lortu dute komisio hori osatzea, herritar talde txiki bati esker. Talde sortu berriak bere gain hartuko du 2024ko festen antolakuntza, Udal Gobernuaren laguntzarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide