Artea Etnografia Elkarteak berrogei urte bete ditu aurten. Artziniegako ondarea eta historia berreskuratzeko ahalegin titanikoa egin du elkarteak azken lau hamarkadetan. Benjamin Respaldiza, herriko apaiz ezaguna, izan zen egitasmoaren bultzatzailea; alma mater elkarteko gainerako kideen hitzetan.
“1980. urtean gutxi gorabehera piezak biltzen hasi ginen. Trantsizio garaia zen hura; landa eremuari lotutako bizimodutik bizimodu industrializatuagora ari ginen jauzia ematen. Iraganeko kontu asko desagertzear zeuden, eta Artziniegako zenbait herritarren artean ondare eta memoria guzti hori kontserbatzeko beharra ikusi genuen”, azaldu dio Benjaminek Aiaraldea Komunikabideari.
Santutegiko beheko solairuetan, ukuiluetan hain zuzen ere, biltzen zituzten materialak. Herriko ganbara eta baserrietan galtzear zegoen ondare etnografiko hori guztia biltzearekin batera Artea Etnografia Elkartea sortu zuten 1984an, santutegiko museo txikiaren gidaritzaz arduratuko zena.
“Benja ez zen ohiko apaiza, jende gazte asko erakartzeko ahalmena zuen. Karisma handiko pertsona zen, ikuspegi humanista zoragarriarekin. Bere ahaleginak erakarrita, askok eta askok ekin genion etnografia elkartean parte hartzeari”, goraipatu du Teresa Lafraguak.
“Hasieran erotzat hartzen gintuzten material guzti hori Santutegian biltzeagatik. Artziniegako auzokide askok ez zuten ulertzen zertarako balio zuen ondare hori gordetzeak”, adierazi du Lafraguak. Guardia Zibilaren mesfidantza ere sortu zuen ekimenak, eta patruilak behin baino gehiago agertu ziren Santutegiko atarian zelatan. Gazte talde horren egitasmoak, ordea, segituan lortu zuen herritarren begirunea: “erakutsi genuen egiten ari ginena Artziniegako bizilagun guztientzat mesedegarria zela”.
Lehenengo urte horietan egindako lana izugarria izan zen: piezak bildu, zaharberritu, erakusketak antolatu, hitzaldiak...
“Nik hasieratik ikusi nuen espazio hori museoarentzako izan behar zela, baina eraikina egokitzeko diru asko inbertitu behar zen"
Espazio bila
2004an lekualdatu zuten museoko ondare guztia Santutegiko gela txikitik gaur egungo kokapenera, baina horra iristeko bidea ez zen erraza izan. Eraikina kongregazio erlijioso batek gidatutako eskola izan zen XVIII. mendetik, 1970. urtean eskola publikoa bilakatzeko lagatu zuten arte. 1980ko hamarkadan hutsik eta abandonaturik geratu zen eraikina.
Artziniegak Imanol Aretxabala zuen alkate orduan. Aretxabala buru-belarri aritu zen lanean eraikina udalerriaren esku utzi eta erabilera berri bat emateko. “1985. urtean guztiz hondatuta zegoen erakina. Jende asko Udalera etortzen zen kexaka, eta guk behin eta berriz errepikatzen genien eskola zaharra apezpikutzarena zela”, azaldu du Aretxabalak. “Abandonatutako erakinean basakeriak egin ziren ere. Jendeak sua pizten zuen areto nagusiaren barruan, rock talde batzuek entseatzen zuten bertan. Hori ikusita eraikina nola edo ahala salbatu behar zen”, gogoratu du Jose Luis Zurbituk.
Gauzak horrela, eraikinaren lagapena lortzeko bide luze bati ekin zion orduko alkateak. “Arazo eta oztopo asko gainditu behar izan genituen. Batetik bestera ibili ginen eraikinaren lagapena lortzeko. Hasieran esaten ziguten Madrilek konpetentzia batzuk eman behar zizkiola Eusko Jaurlaritzari; konpetentziak lortu ostean, eskolaren gidaritza zeraman fundazioa desegin behar izan genuen… Urte biziak izan ziren, baina istorio polita da hori lortzeko egin genuen lan guztia”, azaldu du Imanol Aretxabalak.
Eraikina artziniegarren esku egotea hasiera besterik ez zen izan; bertan museoak ateak ireki ahal izateko lan handia zegoen oraindik aurretik. “Nik hasieratik ikusi nuen espazio hori museoarentzako izan behar zela, baina eraikina egokitzeko diru asko inbertitu behar zen —azaldu du Aretxabalak— Udaleko arkitekto batek lehen plano batzuk diseinatu zituen, eta, ez dakit nola, dokumentu horiek Artea Etnografia Elkartearen eskuetara iritsi ziren. Proiektua egingarria zen eta abiapuntu horretatik hasi ginen lan guztia planifikatzen”.
Museo berria
“Hasieran eraikin berriaren beheko solairua erabili nahi genuen, baina ireki aurretik txiki geratu zen espazio hori”, azaldu du Paki Ofizialdegik, Artea Etnografia Elkarteko egungo lehendakariak. “Santutegi azpian 200 metro koadro genituen, eta lokal berri hau ikustean oso handia iruditu zitzaigun, beheko solairuarekin soilik nahikoa izango genukeelakoan geunden —azpimarratu du Jose Luis Zurbitu diruzainak—. Kultur Etxea bertan egitea pentsatu genuen, espazioa soberan zegoela ikusita. Bilduma atontzen hasi ginenena, ordea, ikusi genuen eraikin guztia hartu beharko genuela”.
Gaur egun museoko erakusketak 2.000 metro koadro baino gehiago ditu orotara. Objektuak gaika antolatuta dituzte, ofizioka. “Gure premisa nagusietako bat beti izan da objektuak ez genituela sakralizatu behar. Oso baliotsuak izanda ere, bitrinetatik kanpo jarri nahi genituen ikusgai, garai batean okupatzen zuten espazioa erreproduzituz”, aldarrikatu du Benjak.
“Museo honek izan duen zorterik handiena da elkarte fidela eta nekaezina izan duela atzetik”
Oztopoak bidean
Berrogei urte hauetan, ordea, bidea ez da beti erraza izan. Elkarte guztietan bezala jendearen parte hartzea ez da beti berdina izan. Museo berriak ateak ireki aurretik ere, elkartea desagertzeko zorian egon zen bertako kideen interesek uneren batean edo bestean bide desberdinen bat hartu zutelako. Enbate horiei guztiei eustea lortu zioten, ordea, eta horrela aldarrikatu du Teresa Lafraguak: “Ezin genion horrelako proiektu bati hutsik egin”.
Unerik zailenak 2018an bizi izan zituzten. Diru faltak museoaren ateak ixtera behartu zituen elkarteko kideak. Herritarrek orduan inoiz baino ozenago aldarrikatu zuten Artziniegak zuen museoaren beharra. “2019ko udan Foru Aldundiko eta Udaleko hauteskundeen ostean, berriro eseri ginen, eta museoaren etorkizuna bermatzeko bilerak hasi genituen, hein handi batean Ana del Valek egindako lanari esker”, argitu du Ofizialdegik. Zailtasunak zailtasun museoaren etorkizuna bermatuko zuen akordioa sinatu zuten 2022an, elkarteari arnasa emanez. “Museo honek izan duen zorterik handiena da elkarte fidela eta nekaezina izan duela atzetik”, azpimarratu du Benjak.
40. urteurrena
Elkarteak berrogei eta museo berriak hogei urte beteko dituzte aurten, eta ospakizunak urte osoan antolatuko dituzte. “Ez da urteurren egun zehatzik egongo, —azaldu du Ofizialdegik—, baina hilabetero urteurrena antolatzeko ekintzaren bat egingo dugu”.
Herri-jolasen tailerra edota ogi-oratzea dira honezkero antolatutako ekintzetako batzuk. Maiatzean, museoko piano handia baliatuz, Patricia Sesar sopranoaren kontzertua eskainiko dute eta udako solstizio jaia berezia aurreikusten dute ere.
Ekintza horiei ohiko txerri-boda edota museo-bizia ekimenak gehitu behar zaizkio. Urte amaierarako ere prestatu dituzte kontuak. Artziniegako punto fabrika zahar bateko materiala berreskuratu dute, eta behin behineko erakusketa aretoan atonduko dute lantegi horri buruzko espazioa.