Garai Plazako erlojuaren dorrea goitik behera apaintzeko mural bila dago Artziniegako Udala

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 18a, 11:59

12 metroko altuera dauka Garai Plazako erlojuaren dorreak, eta bertan margotuko dute horma-irudia. / Artziniegako Udala

Lehiaketaren lehenengo edizio honetan Garai Plazako erlojuaren dorreko fatxada apainduko duen horma-irudia aukeratuko dute. Dena ondo bidean, ekainaren 22an inauguratuko dute margolana. Proiektu irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du.

Horma-irudien I. Lehiaketa antolatu du Artziniegako Udalak, "artearen sustapenean sakontzeko" eta hiribilduko kaleetan barrena ibilbide muralistiko bat sortzeko. Lehiaketaren lehenengo edizioak Garai Plazako erlojuaren dorrea goitik behera apainduko duen irudia aukeratzea izango du helburu.

Maiatzaren 13ra arte dago zabalik lehiaketan izena emateko epea. Epaimahai tekniko batek aztertuko ditu aurkeztutako lan guztiak, eta bozketa fasera eramango ditu proposamen onenak. Hautatutako lan guztiak Udaletxean egongo dira ikusgai maiatzaren 17tik aurrera, eta 16 urtetik gorako Artziniegako herritar orok izango du bozka emateko aukera.

Epaimahaiaren eta herritarren ardura izango da, beraz, Garai Plaza apainduko duen irudia aukeratzea. Horretarako, "proposamen artistikoek inguruarekin duten elkarreragina eta hiribilduko historiari eta tradizioei egindako erreferentziak" baloratu  beharko dituzte. Dena ondo bidean, maiatzeko azken astean iragarriko da proiektu irabazlea, eta 5.000 euroko saria jasoko du.

Lehiaketaren oinarrietan jasotakoaren arabera, ekainaren 3tik 21era bitarte margotuko dute Garai Plazako horma-irudi berria, eguraldia lagun baldin badute betiere. Udalak 1.500 euroko aurrekontua prestatu du horretarako. Gauzak hala, ekainaren 22an egitea aurreikusi dute horma-irudiaren aurkezpen publikoa.

Horma-irudiak Artziniegan

Egitasmo honekin ibilbide muralistikoa sortu nahi du Artziniegako Udalak hiribilduan. Honezkero badira herria apaintzen duten zenbait horma-irudi, eta urtez urte bilduma hori handitzea da Udalaren asmoa. Udaletxe zaharreko atarian kokatuta dagoen murala da horren adibide: Velazquezen Bredako errendizioa koadroaren interpretazio librea eginez, herriko hainbat margolarik elkarlanean egindako lana da, eta Artziniegako bizilagunen erretratuak txertatu dituzte bertan.

Artziniegako orain arteko horma-irudirik ezagunenak, ordea, parrokiako gangetako ilustrazioak dira. Zaharberritze ariketa original baten bidez, herriko margolari talde batek antzinako teknikak baliatu zituen Erdi-aroko eszena bilduma atariko gangetan margotzeko. Antzinako elementuak eta objektu anakronikoak nahastu zituzten bertan; hala nola, gazteluak eta telefono mugikorrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide