Joseba Vivanco Retes alkateak gutunak bidali dizkie Correoseko arduradunei exijitzeko erretiratu zen langilearen hutsunea behingoz betetzea. Izan ere, udal buruak martxoaren 18an gauza bera egin zuen Amurrioko Correoseko bulegoan eta oraindik ez du erantzunik jaso.
Vivancok gogoratu du zerbitzu hori funtsezkoa dela udalerrian: "Gogoratu behar da erretiroa hartu zuen eta oraindik ordezkatu ez den postari hori izan zela 2022an Araban etxez etxe banaketa gehien egin zituena. Ez gaude kalte txiki baten aurrean. Bere garaian herrian genuen banku-bulego bakarrarekin gertatu zen, eta horren alde borrokatu zen Artziniega, zerbitzua mantendu zedin. Gauzak hala, ezin dugu onartu Correosekoa bezalako oinarrizko zerbitzu batek egungo eraginkortasun eta gogobetetze-maila galtzea".
Gauzak horrela, Artziniegako alkateak exijitu dio Correos enpresa publikoari ahalik eta lasterren argitzea egoera, gabezia hori lan gainkarga eragiten ari baita herriko bulegoko langileen artean.
Halaber, Vivancok aipatu du borroka horretan sindikatuak ere sartuta daudela eta aurrekariak dituela beste herri batzuetan, hala nola Urizaharran, Zanbranan, Bastidan edo Luiaondon.
Azkenik, arazoa konpontzen ez bada, alkatetzak deia zabalduko du herritarren artean, kexak jar ditzaten Correoseko bulegoan.
Gogoratu beharra dago Artziniegako Correoseko zerbitzuan gertatzen ari dena ez dela salbuespena. Zerbitzu publiko gehiagotan pizten ari dira antzeko kezkak, Renfen zein osasun sisteman kasu.