Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du diruz lagunduko duela Artziniegako Ortiz de Molinillo Dorrean dauden elementu apaingarrien zaharberritzea. Zehazki, esku hartzearen %72 eta %80 artean ordainduko du erakunde publikoak.
Guztira, 102.491 euro bideratuko dituzte hautatu duten ondare guztia zaharberritzera. Dallon, Antoñanan, Eltziegon eta Miñaogutxin daude beste ondasunak. Baina ez dute zehaztu nola banatuko den dirua.
Ortiz de Molinillo Dorrea XVI. mendearen amaierakoa da eta armarriak eta eraikuntza ordaindu zuen familiaren lelo fededuna ditu etxearen kanpoko aldean. Horrez gain, esaldi hau irakurri daiteke bertan: "Ez esan dakizuna eta ez egin ikusten duzuna".
Hiribilduaren alde zaharrean kokatuta dagoen ondare hori guztia hondatzen ari denez, Artziniegako Udalak eskatu zion Arabako Foru Aldundiari kontserbazio egoera baloratzea eta erakundearen bi teknikarik berretsi zuten elementuak materiala galtzen ari zirela. Iritzi horrekin txostena osatu zuten 2022an, eta zenbait esku-hartze proposatu zituzten.