🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇
www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu
📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.
Artziniegako Arteko Gure Ama Eskolako zuzendaritzak hezkuntza komunitateari jakinarazi dio hurrengo ikasturtera begira dimitutuko duela Hezkuntza Sailak kudeaketa lanetarako lan orduak murrizten baditu. Izan ere, 2023/2024 ikasturtean 1,66 lanaldi izan dituzte horretarako eta hurrengoan 1,33 egongo dira, Eusko Jaurlaritzak bidali dien Lanpostuen Zerrendaren arabera.
Lanaldien bilakaera honako hau litzateke:
2023/2024
Zuzendaria: Bere ordutegiaren %100 zuzendari gisa dituen eginkizunetarako.
Ikasketa Burua: Bere ordutegiaren %66 ikasketa-burutzarako eta %33 zuzeneko irakaskuntzarako Lehen Hezkuntzan.
Idazkaria: Bere ordutegiaren %50 beste eginkizun batzuetatik lortutako kredituekin eta %50 jantokiko arduradun gisa.
2024/2025
Zuzendaria: Bere ordutegiaren %100 zuzendari gisa dituen eginkizunetarako.
Ikasketa Burua: Bere ordutegiaren %100a Lehen Hezkuntzan zuzeneko irakaskuntzarako (ikasketa-burutzako eginkizunetarako ez du ordu- krediturik izango).
Idazkaria: Bere ordutegiaren %33a idazkaritza-eginkizunetarako eta %66 hezkuntza-laguntza gisa zuzeneko arretarako
Gauzak horrela, eta zuzendaritza taldeak argi izanda baldintza horietan ezingo dutela gutxieneko eta kalitatezko zerbitzua bermatu, dimisioa aurkeztuko dute egoera ez bada aldatzen.
"Lanaldi murrizketarekin ezinezkoa izango zaigu gure eginkizun guztiak betetzea"
"Gure eginkizunen artean, administratiboetaz gain (kudeaketa ekonomikoa, bekak…), zuei zerbitzu egokia eskaintzen saiatzea ere badago (telefonoa, helbide elektronikoa, zentroan sartzeko atea…). Ziurtatu ahal dizuegu, emandako ordu-kredituarekin, ezinezkoa izango zaigula zeregin horiek guztiak egitea", azaldu dute gurasoei bidalitako dokumentuan.
"Ez da borondate kontua, azken bi ikasturteetan dagokizkigun lanorduetatik kanpo bete ditugu gure eginkizunak, konpromisoa erakutsi dugu, baina hau ez da konpromiso kontua, ezintasuna baizik, murrizketarekin ez dugu denbora nahikoa izango ikastetxea kudeatzeko", adierazi dio taldeak Aiaraldea Komunikabideari.
Eusko Jaurlaritzarekin izandako negoziazioak
Egoera konpontzeko asmoz, zuzendaritzak Gasteizera jo zuen Hezkuntza Ordezkaritzarekin biltzeko, baina elkarrizketek ez dute emaitza positiborik utzi. Guztiz kontrakoa, zuzendaritzako kideen amorrua piztu dute.
Izan ere, solasaldi horretan hezkuntza ordezkariek adierazi zieten duela bi urte sindikatuekin sinatutako akordioaren irizpideak aplikatuko dituztela, baina ordezkaritzak bidalitako taulan ikus daiteke datuak ez datozela bat sinatutakoarekin.
"Gero sindikatuekin harremanetan jarri ginen eta adierazi ziguten akordio horretako kontzeptu batzuk jarri dituela indarrean Eusko Jaurlaritzak, baina langile gehiago ekarriko dizkigutela diotenak, aldiz, ez. Adibidez, administraziorako kudeaketarako dagokigun arduradun erdia ez digute bermatu, ezta IKT arduraduna ere", salatu dute zuzendaritzako kideek.
Hori guztia aintzat hartuta, ikastetxeko zuzendaritzan aritzen diren arduradunek laguntza eskatu diote herriko hezkuntza komunitateari, bestela euren karguei uko egin beharko diete eta.
Artziniegako Udalak babestu ditu zuzendaritza taldearen aldarrikapenak, eta azken udalbatzan mozioa onartu zuen horien alde, EH Bilduren aldeko bozekin eta EAJren abstentzioarekin.