Artziniegako Udalak 3.000 euroko diru partida bat bideratu zion uztailean UNRWA erakundeari, Palestinarekin elkartasunean. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia da UNRWA eta ia zazpi hamarkada daramatza palestinar errefuxiatuei hezkuntza, osasuna, laguntza humanitarioa eta gizarte-zerbitzuak bermatzen.
Joseba Vivanco Artziniegako alkateak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, tokiko erakundeak urtero bideratzen du diru partida bat nazioarteko kooperaziora. Aurten, UNRWAri ematea erabaki zuen Udalak. Izan ere, agentziaren finantzaketa NBEko estatu kideen borondatezko ekarpenek osatzen dute ia osorik, eta iaztik hainbat herrialdek laguntza horiek emateari utzi diote.
UNRWAri bideratutako diru laguntzaren harira, Barbara Ruiz Balzolak, Agentziaren Euskadiko ordezkariak, hitzaldi bat eman zuen Artziniegako udalbatza-aretoan, Gaza: Gizatasun krisia izenburupean, bertako egoeraren eta UNRWAren lanaren berri emateko.