2026an helduko da Artziniegara Adinekoentzako Eguneko Zentro berria, aurreikuspenen arabera. Eraikin berria Geltoki plazan egongo da eta 197 metro karratu hartuko ditu, ia 4.000 metro karratuko eremu batean. Gaur egun, zonalde horretan lorategi-gune bat dago, aparkalekuz inguratua.
Orain, alde zaharreko goiko aldean dago Eguneko Zentroa, eta Artziniegako Udalaren arabera, ez da kokalekurik egokiena irisgarritasunari, argitasunari eta kanpoko espazioari dagokionez.
Hori dela eta proposatu dute kokapen berri hori, hirigunetik gertu dagoelako eta irisgarria delako.
Egungo zentroak 7 erabiltzaileentzako plazak ditu, eta berria, aldiz, 10 pertsonek erabili ahal izango dute. Gainera, mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroek betetzen dituzten ezaugarriak izango ditu, nahiz eta mendekotasunik ez duten edo mendekotasun txikia duten adinekoentzako izan.
Gauzak horrela, beste hainbat baldintzen artean, gurpildun aulkian dauden erabiltzaileentzat irisgarria izango da, eta honela egongo da banatuta: harrera eta jantziak gordetzeko eremua, ariketak egiteko, atsedenerako eta bazkaltzeko lekua, geriatria-komuna, erabilera anitzeko bulegoa, sukaldea eta biltegia izango ditu.
Kanpoaldean, terraza txikia ere izango du. Gainera, panel fotovoltaikoak ere jarriko dituzte, autokontsumorako eta soberakinak konpentsatzeko.
Proiektuaren ardura Jon Unai Urruticoechea Gutierrez artitektuari esleitu dio Udalak, eta irailerako prest egongo da eraikitze-txostena. Proiekturako aurrekontu orokorra 469.608,67 eurokoa da.