EGITARAU OSOA

Artziniegako Antzinako Azokak bere 25. edizioa ospatuko du larunbat honetan

Maider Ramirez Martin 2024ko ira. 11a, 12:39

Antzezle, musikari eta merkatari ugari batu ohi dira Antzinako Azokan. / Aiaraldea.eus

Antzinako ohiturek eta iruditegiak urtero hartu ohi dute Artziniega irailean, baina aurtengo hitzordua berezia izango dela aurreikusi daiteke, ekimenaren XXV. edizioa izango baita.

Ospakizunak ez du etenik Artziniegan. Izan ere, jaiak amaitu eta bost egunera Antzinako Azoka helduko da herrira larunbat honetan, hilaren 14an. Egun berezia da, zalantzarik gabe, artziniegarrentzat, eta are bereziagoa izango da aurtengoa, ekimenaren XXV. edizioa izango baita. 1998an hasi ziren egitasmoa antolatzen, zehazki, Erdi Aroko Alde Zaharra monumentu-multzoa izendatu zuten urtean, eta COVID-19aren pandemiak iraun bitartean salbu, urtero ospatu dute jaia geroztik.  

Ohikoan bezala, goizetik arratsaldera arte luzatuko da egitaraua: 11:00etan irakurriko dute pregoia eta hasiera emango zaio azoka egunari. Hainbat jarduera egongo dira egun osoan zehar, hala nola alkimia erakustaldia, ipuin kontalaria, erdi aroko dantza eta musika... eta askoz gehiago.

Udalak gogorarazi du ekimena modu herrikoian sortu zela eta filosofia hori mantentzen dela gaur egun, ekimena antolatzen duen lan-taldearen bidez. Dena den, hainbat eskuetatik igaro da azokaren antolaketa urte hauetan zehar: Artziniega Museoak antolatu zuen lehenbiziko hiru urteetan. Ondoren, Bolaretxe kuadrillak hartu zuen ardura. Udala lehenengo eta ostalari talde bat gero ere ibili dira azokaren prestaketa lanetan, eta 2022an eginiko hausnarketa prozesu baten ondorioz, Merkatarien Batzordeak antolatzen du orain.

EGITARAU OSOA

Irailak 14, larunbata

11:00 // Pregoia irakurri eta azoka zabaltzea Hiriko Atean
11:10 // Builakako danborrek, Ixerako gaitek, Turdion eta Grimoriumen musikak eta gorteko musikariek Uriko kaleak alaituko dituzte etengabe
11:30 // Alkimia erakustaldia Hiriko Atean
11:30 // Magia Oliver eta Liubarekin Goiko Plazan eta Galeonek izurriaren ondorioak azalduko dituzte
12:00 // Ezpata-forja Dorrearen aurrean
12:30 // Ardiak moztea Artekale plazan
12:30 // Antzerkia basoko jaunekin
12:30 // Magia Oliver eta Liubarekin Hiriko Atean
13:00 // Uriko andereek euren burukoak erakutsiko dituzte Goiko Plazan
13:00 // Erdi Aroko dantzak Artekaleko plazako Gerlen Kanpamentuan
13:00 // Alkimia erakustaldia Hiriko Atean
13:00 // Haurren bataila parte hartzailea Barrenkaleko Erdi Aroko kanpamentuan, eta ondoren bisita
13:15 // Hainbat adarren deiadarra, eleiz ondoan
13:30 // Ipuin kontalaria Artekale plazan
13:30 // Ezpata-erakustaldia Artekale plazako kanpamentuan
14:00 // Magia Oliver eta Liubarekin Artekale plazan
15:00 // Ondo jateko eta ahora ederto gozatzeko ordua
17:00 // Builakako danborrek, Ixerako gaitek, Turdion eta Grimoriumen musikak eta gorteko musikariek Uriko kaleak alaituko dituzte etengabe
17:30 // Artzainak ardiak moztuko ditu Artekale plazan
17:30 // Alkimia erakustaldia Hiriko Atean
17:30 // Gorteko komedianteak Uriko kaleetan zehar ibiliko dira
18:00 // Erramentariak ezpata bat egingo du berriro Alkaide jaunaren dorrean
18:30 // Magia ikuskizuna Goiko Plazan
18:30 // Ezpata erakustaldia Artekale plazan
19:00 // Alkimia erakustaldia Hiriko Atean
19:00 // Ipuin kontaketa Artekale plazan
19:00 // Txotxongilo antzerkia Goiko Plazan
19:30 // Erdi Aroko dantzak Arteko plazako gerlen kanpamentuan
19:30 // Gerlari garaituen paseoa
20:00 // Merkatarien azken eskaintzak, Builakako danborren, Ixerako gaiten, Turdion eta Grimoriumen musikaren eta gorteko musikarien erritmoan
21:00 // Kaleko musikariek danbor eta su ikuskizunekin eguna itxiko dute Goiko Plazan

Egun osoz

  • Igeltsu freskoen gaineko margoketa, gorteko pintoreek egina Goiko Plazan. 
  • Pablo Respaldiza Arratiaren sutegia bisitatu eta lehengo lanbideak ezagutuko ahal izango ditugu Barrenkalen, Arteari esker. 
  • Tokiko dirua egingo da Alkaidearen dorrean. 
  • Orkoak eta beste mundu batzuetako izakiak etorriko zaizkigu bisitan. Kontuz haiekin gurutzatzearekin!
  • Olgetak eta haurtzaindegia Artekaleko "Seinaren Txokoan".
  • Erdi Aroko olgetak Artekaleko plazako gerlen kanpamentuan. 
  • Artilea iruntzearen erakustaldi kantatua eta artaldea Artekale plazan. 
  • Artisauek euren lanbideak irakatsi eta sorkuntzak erakutsiko dituzte. 
  • Uriko kaleetatik ibiliko dira ospe txarreko jendailak, legendunak, zorrotzaileak, urketariak, damak eta zaldunak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide